Lehen urratsak egiten hasiak dira Antzuolako Udalean gazteen lokalen araudiari dagokionez, udalbatzak hasierako onarpena eman baitzion maiatzaren 30ean eginiko osoko bilkuran, EAJko hiru ordezkariren –Rakel Velasco ezin izan zen egon– eta EH Bilduko zazpi zinegotziren aldeko botoekin. Hala ere, Olatz Lezeta alkateak nabarmendu du bidea duela egiteko oraindik araudiak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren –pasa den egubakoitzean argitaratu zen– hilabeteko epean egon behar baitu jendaurrean: "Bigarren iragarkia ateratzen denean sartuko da indarrean".
Lezetaren hitzetan, beste herri batzuetako araudiak adibidetzat hartu eta Antzuolara egokitu dituzte, "zirriborro bat" egiteko; ostean, Sormen Batzordean aurkeztu zuten, eta bizilagunekin eta gazteekin ere hitz egin dute, euretako norbaitek zerbait gehitu nahi izanez gero. Izan ere, batik bat, arazo batetik abiatu dute araudia: "Ez da lehenengo aldia gazteen lokalekin arazoak daudena herrian, bere garaian ere egon baitziren, eta itxi egin behar izan zituzten, azkenean. Orain bada lokal bat, behintzat, baina bizikidetza arazoak daude; batez ere, zaratarekin lotutakoak".
Hori guztia ekidin dadin, beraz, bizikidetzaren alde eta zarata murrizte aldera, zenbait puntu zerrendatu dituzte ondu berri duten araudian. Hasierako onarpenaren dokumentuan jasotakoaren arabera, gazteen lokalak ez dira 24 orduz erabiltzeko, eta auzokideen eskubidea errespetatuta izatea "ezinbestekoa" da. Hori dela eta, ordutegia zehaztu dute intsonorizatuta ez dauden lokalentzat: astelehenetik eguenera eta domeka zein jaiegunetan 22:30ean itxi beharko dira lokalak; gainontzeko egunetan, gaueko hamabietan.
Beste arau batzuk
Bestelako arau batzuk ere jaso dituzte araudian. Esate baterako, gazteen lokaletako erabiltzaileek ekidin egin beharko dute kantatzea, txistu egitea, oihukatzea eta ateak edo pertsianak etengabe ireki edo ixtea. Horrez gain, kanpoaldean eta inguruan ezingo da aulki, mahai edo antzeko altzairurik jarri.
Osasunaren arloan ere arau batzuk bete behar dituzte erabiltzaileek: adibidez, hondakinak dagokien egunetan atera beharko dira, pilatuta gera ez daitezen. Segurtasunari dagokionez, berriz, lokal barruan norbait baldin badago, irteteko ateak ezin dira kanpotik giltzaz itxi, eta ezta pertsianak jaitsita laga ere.
Dena den, Lezetak azpimarratu du araudia aldatzeko aukera ere badagoela, zerbait kentzekoa edo gehitzekoa, horretarako beharra antzemanez gero, bederen. Gogoan izan behar baita, gainera, hasierako onarpen fasean dagoela.
Arau-hausteak
Lokalen erabileraren araudian jasotako arauak ez betetzeak ondorioak izan ditzakeela jaso du Udalak araudian, hiru mailatan banatuta: arau-haustea arina izango da, batetik, araudiari jaramonik ez bazaio egiten behin; larria izango da, bestetik, ez zaionean kasurik egiten bi aldiz; eta oso larria, azkenik, ez denean kontuan hartzen hirutan. Zigorrei dagokienez, arau-hauste arinetan eta larrietan idatzizko ohartarazpena helaraziko zaie erabiltzaileei; oso larrietan, idatzizko ohartarazpenaz gain, litekeena izango da lokala ixteko agindua ematea, hasiera honetan landutako araudian jasotakoaren arabera.