Sakelako telefonoen –eta, oro har, bestelako pantailen– erabilerak ume eta nerabeengan sor ditzakeen arazoekin kezkatuta, Gipuzkoako eta Debagoieneko beste herri batzuetan bezalaxe, Antzuolan ere duela hilabete batzuk hasi ziren elkartzen guraso batzuk egoera aztertu nahian, arazotzat duten auziari buelta emateko zer egin zitekeen pentsatzen; eta hala sortu zuten Antzuolako Altxa Burua taldea.
Hamabi guraso inguruk osatzen dute, gaur-gaurkoz, aipaturiko taldea, eta, batik bat, hiru helburu dituzte esku artean: "Sakelako telefonoek eta pantailen erabilerak duten eraginaren gaineko kontzientziazioa, ona eta txarra; ahal den heinean, umeak mugikorrarekin hasteko adina atzeratzea; eta azkenik, mugikorrik gabeko inguruak sortzea, batez ere, ikastetxeetan". Haien hitzetan, "gutxi gorabehera", Altxa Burua plataformarekin konpartitzen dituzte hiru helburu horiek, eta hori sozializatzea dute asmo: "Honetaz guztiaz, behintzat, hitz egitea dugu xede, beste aukera batzuk badaudela jakitea".
Horretarako, Miren Ros hezitzaile eta Bidelagun proiektuko arduradunak Haurrak, nerabeak eta pantailak hitzaldia egingo du ekainaren 6an, eguenean, 18:00etan, Olarango areto nagusian. Hala, taldekideen asmoa da hitzaldia aprobetxatzea taldearen berri emateko, "hastapenetan" daudela nabarmenduta. "Honen berri eman nahi diogu jendeari, eta denei ateak irekita dituztela azaldu, interesa izan dezakeen edonork baitu lekua proiektu honetan".
Elkarlanean dabiltza
Eratu berri duten taldea, ordea, ez dabil bakarrik lanean, Antzuolako Udalaren eta Pausoka guraso elkartearekin baitabil elkarlanean. Are gehiago, orain, Ipintza institutuko guraso batzuk ere batu zaizkie taldera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak han egiten baitituzte antzuolar gehienek: "Gainera, ohartu gara pantailen erabilera handiena DBH-1etik gorakoen artean dagoela". Horrez gainera, Bergarako eta Elgetako taldeekin ere jardunean dabiltza, hiru herrietako nerabeak batzen baitira Ipintzan.
Eskolei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aginduta, pantailen erabileraren inguruko protokolo bat ondu behar dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeek; beraz, horretan dabiltza Antzuola Herri Eskola eta Ipintza BHI.