Urkulutik iritsitako urak Aitzagako depositutik herrira banatzeko asmoz, duela 60 urte instalatu zen Aitzagatik beherantz doan hodia. Hala ere, behin baino gehiagotan eman ditu arazoak; azkenekoz, 2023aren hasieran, bizpahiru aldiz puskatu baitzen. Behin behineko konponketa lanak egin zituen orduko hartan Gipuzkoako Ur Kontsortzioak; hodi guztia aldatzen ari da orain, ordea.
Aritz Igeltz Antzuolako Udaleko Hirigintza zinegotziaren hitzetan, "handia" da Aitzagatik Ondarrerainoko malda, eta gertatzen diren lur mugimenduengatik "oso zaharkituta" zegoen hodi zaharra. "Ikusita herriarendako duen garrantzia eta eragina, eta herriak urte askotarako arazorik ez edukitzeko, obra sakona eta handia egiten dabiltza eremu hartan". Hain justu, azaldu du 150 milimetroko diametroa izango duela hodi berriak eta, horrez gain, trazadura ere "ezberdina" duela aurrekoarekin alderatuta, era horretan "lur mugimenduek hodian eragiten dituzten kalteak murrizteko".
Gipuzkoako Ur Kontsortzioko bulego teknikoak egin eta bideratu du lanen proiektua, eta baita obraren esleipena ere; zehazki, 161.865 eurokoa da adjudikazioa. Udala, berriz, lur- sailetako jabeekin hizketan aritu da, baimenak-eta lortu ahal izateko. Hala, Igeltzek nabarmendu du eguraldi ona lagun izanez gero uztailaren bukaerarako amaituko dituztela lanak.
Herria da onuraduna
Urkulutik datozen ur guztiak Aitzagako depositutik doazela azaldu du Igeltzek, eta handik herritar guztien etxebizitzetara. "Hoditik pasatzen diren ur guztiak, beraz, herritar guztiok erabiltzen ditugu".