Antzuolako Lizarraga auzoan dago Akinabai errota. 1920ko hamarkadan eraikia, indarretxe moduan sortu zuten baina inguruko zortzi baserrik errota ere jartzea erabaki zuten. "Bere egunean inbertsio handia izan zen; izan ere, turbinak eta beste kanpotik –Suitzatik edo Alemaniatik– ekartzen ziren", esan du Joxe Mari Iturbek.
Akinabai errotak hiru solairuko etxea da gaur egun. Beheko solairuan daude ur sistemarekin lotutako tresneria eta makina guztiak. "Errota tipo honek behean edukitzen zuen turbina eta uraren sistema guztia. Gero, errota-harriak goian daude. Bertan egiten da irina".
Errota martxan ikusteko aukera izan dute gaur bertara gerturatu direnek. 10:00etan errota urez hornitzen zuen Abaro iturburua ikustera joan da taldetxo bat. Ubidea jarraituz, 100.000 litro inguruko ur depositura iritsi dira. Itzultzerakoan egin du errotaren funtzionamendua ezagutzeko bisita gidatua Iturbek. "Ni ez naiz errotaria. 33 urte inguru da errota erosi nuela; jausita zegoen gehiena. Poliki-poliki konpontzen joan naiz, eta gaur egun errota martxan, behintzat, badaukat", esan du.
Ondarea zaintzeko deia
Iturbek azaldu du bere egunean 600 errota baino gehiago zeudela Gipuzkoan. "Gaur egun oso gutxi gelditzen dira ikusteko moduan. Hirugarren aldiz egin da Gipuzkoako Erroten Eguna, eta ekimen garrantzitsua iruditzen zait: gure artean elkar ezagutzeko interesgarria da eta ondare hau balioan jartzeko ere bai. Zaintzea tokatzen dela uste dut nik".
Bisitarien artean izan dira antzuolar asko, baina, baita ere, Oiartzungo eta Atxondoko pare bat errotatik etorritako ordezkariak ere.