Txaranga propioa izango du hemendik aurrera Antzuolako herriak. Oraindik izena pentsatzeke dute, eta, momentuz, Antzuolako Txaranga gisa izendatu dute euren burua. "Oraingoz, ez dugu izenik; ea gazteei zerbait bururatzen zaien eta ipintzen diogun izenen bat. Ipiniko dugu zerbait", zioen barre artean Imanol Lizarralde txarangako tronpeta-joleak.
Izenik ez izan arren, gogorik eta energiarik ez zaie falta txarangako kideei. Herenegun egin zuten lehen emanaldia, eta musikaz bete zituzten herriko kaleak. Jendeak pozez hartu zuen txaranga berria, eta, kaleetako hotzari kontrajarriz, giroa berotuz joan zen kantek eta doinuek aurrera egin ahala. "Oso ondo joan da, espero baino hobeto", zioen txarangaren atzetik ibili zen herritar batek. "Martxosoa izan da, oso polita, hamarrekoa", zioen beste jarraitzaile batek.
Txarangako kideak ere oso pozik gelditu ziren emaitzarekin. "Erantzuna oso ona izan da, lehen aldia izateko. Ikusi da aurrez egindako lana. Nabaritzen da hasiberriak garela, baina esango nuke ondo portatu garela", adierazi zuen Bittor Giralek, txarangako zuzendariak. Jendearen harrerarekin ere pozik zeuden txarangako kideak, eta ekain aldera beste emanaldi bat egiteko asmoa dutela adierazi zuten.
Dozena bat kide
Momentuz, dozena bat kide ditu txarangak, baina irekita daude kide gehiago hartzeko. Giralek azaldu ditu parte hartzaileek txaranga osatu ahal izateko jotzen dituzten instrumentuak: "Txaranga baten ezaugarri nagusiak perkusioa –kaxa, platoa eta bonboa–, tronboiak, tronpetak, saxofoiak eta tubak dira. Zoritxarrez, momentuz, ez dugu tubarik. Garrantzitsua da, baina, momentuz, dugunarekin estreinaldi bat egiteko nahikoa da".
Giral bera kenduta, gainontzeko partaideak antzuolarrak dira. Horrez gain, adinaren ikuspegitik, alde handia dago taldekideen artean. "Azkenean, Antzuolako musikariak biltzean denetik agertzen da: batzuk 40 urtetik gorakoak, beste batzuk 10 eta 20 urte artekoak, eta hortik beherako haurrak ere bai. Pixka bat denetik dago".
Azaroa ezkero lanean Azaroan jarri zuten martxan txarangaren proiektua, Bergarako Musika Eskolaren eta Antzuolako Udalaren artean izandako elkarrizketa batzuen bidez. Udalak herrian musika joko zuen taldetxo bat osatu nahi zuen, eta, azkenean, txaranga forma hatu zuen. Behin musikariak elkartuta, entseguak egiten hasi ziren, eta, elkarren artean ikasiz, eguazteneko emanaldia prestatu zuten.