Errekak akordioa sinatu du Darwin Biomed enpresarekin

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 16a, 12:28

Gorka Mendiaraz eta Lander Sagarna, alboetan, Darwin Biomed enpresako ordezkariarekin.

Azaldu dutenez, hitzarmenaren helburuetako bat da Errekak osasunaren eremuan urratsak egitea; aldi berean, uste dute konpainia nafarrari "hainbat arlotan" lagun diezaiokeela.

Errekak akordioa sinatu du Darwin Biomed enpresarekin, eta hitzarmena Errekarentzat ez ezik, konpainia nafarrarentzat ere "albiste ona" dela adierazi du Lander Sagarna Errekako Berrikuntza eta Negozio Berrien zuzendariak: "Bazkide finantzarioa izateaz gain, hainbat arlotan lagun dezake, hala nola produktuen optimizazioan, merkaturatzeko denbora murrizten edo saldu osteko azpiegitura ematen. Hori guztia arriskuaren zati bat hartuz eta elkarrekin lan egiteko ikuspegiarekin; ez bakarrik zuzendaritzatik, baita eremu operatiboetatik ere, hala nola ezagutza teknologikoa eta prozesuak eskura jarriz".

Zehaztu dutenez, modu horretan, Errekaren helburua da osasunaren eremuan urratsak egitea. "Lankidetza berri honen bidez Errekak indartu egin du pertsonen mugikortasuna bermatzeko irtenbideen esparruan duen posizioa, eta ingeniaritza aktiboak eskuratu ditu etorkizunean adimen artifiziala eta software aurreratua duten soluzio mekatroniko berriak garatzeko", azaldu du Gorka Mendiaraz Erreka Health negozioko zuzendariak.

Hitzarmenaren garrantzia

Mondragon Taldearentzat –Erreka parte da– "ekintzailetza gaitasunak aktibatzeko eta kooperatiben artean negozio berriak sustatzeko estrategia korporatiboaren" testuinguruan kokatu behar da Darwin Biomedekin adostutako hitzarmena; alegia, "hazteko gaitasuna duten enpresa gazteen aldeko apustuarekin", start-up gisa definitu baitu Nafarroako konpainia. Hain justu, Michelangelo da haren azkeneko produktua, "adimentsua eta diferentziala" den taka-taka gailua, "erorikoen prebentzio aktiborako" diseinatuta", eta "bereziki pertsona nagusiendako"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak