Etorkizuneko hilerria irudikatzeko asmoz, gogoeta parte-hartzailea egiten aritu dira azken hilabeteotan dozenaka herritar, Hil Arte Bizi egitasmoak, Antzuolako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak bultzatuta, eta ondutako txostenaren zirriborroa aurkeztuko dute hilaren 16an, martitzenean, 18:00etan, Olaranen.
2023ko maiatzean egin zuten aurkezpena jendaurrean, eta urrian egin zituzten lehen bi saio irekiak; baita azaroan beste bat ere. Nere Erkiaga izan da dinamizatzailea, Hil Arte Bizi egitasmoko kidea, eta xede izan du herritarrak heriotzaren inguruan ahalduntzea, "naturaltasunez" uler dezaten gaia.