Jolastoki "ilun, gris eta desatsegina" egokitu eta "askotariko ekintza pedagogikoei egokitutako espazio goxo bat" sortzeko, martxan dira Antzuola Herri Eskolako barruko jolastokia eraldatzeko lanak. "Patio inklusibo horretan ikasleek asko ikasi dezakete, proiektuak egin ditzakete, eta harremanak sortu ahalko dira adin ezberdinetakoen artean, psikomotrizitatea lantzearekin batera espazio erakargarri batean", adierazi du Aritz Igeltz Hirigintza zinegotziak.
Antzuola Herri Eskola, Haur Eskola eta Udala daude proiektuaren atzean, eta Kimu Bat enpresa dabil jardunean. Aurreikuspenen arabera, hilaren 31rako bukatuta egongo dira lanak, dirulaguntza bat dela-eta, 48.261 euroko aurrekontuarekin.
Jolastokiko lau guneak
Eskolako "azpiegitura hobetzea" du beste xedeetako bat proiektuak, "hezkuntza inklusiboa eta soziala, ingurugiroa, berdintasuna eta osasuna" bermatuko dituen espazio bat sortzea. Horretarako, lau gune izango dira.
Batetik, "haurren garapen artistikoa sustatzeko" asmoz, Agora gunea izango da jolastokian. "Egurrez forraturiko eserlekuek antzoki bat inguratuko dute, Grezia garaiko agoretan egiten zen eran. Arbel bat ere egongo da, haurrek muralak egiteko". Bestetik, Oihana espazioa izango da, psikomotrizitatea lantzeko. "Oihaneko animalien moduan, haurrek zuhaitz eta adarretan gora eta behera ibiltzeko aukera izango dute; baita deskantsatzeko ere". Hain justu, horretarako, belar artifiziala eta egurrezko blokeak jarriko dituzte, aldapak-eta eraikitzeko. Are gehiago, psikomotrizitatea lantzeko asmoz eraikiko dute Sumendia gunea ere: "Labak erreko balu lez, haurrek paretako boulderrean eskalatu dezakete, irudimena erabiliz".
Hondartza da beste guneetako bat. Hondarra izango du, eta baita hondartzako toldoa irudikatuko duen etxolatxo bat ere. "Hondarra bezalako elementu naturalen bidez, umeek ukimena, sormena, komunikazioa eta talde kohesioa lantzeko aukera izango dute.
Terrazako espazioak
Terrazan bi gune izango dira, eta eginak daude dagoeneko: 3 eta 5 urte artekoei zuzenduta dago bata, eta pinu azalarekin zein silize hondarrarekin esperimentatzeko aukera izango dute; bestea, berriz, baratzea da: haurrek landareak landatu eta zain- du ahalko dituzte, naturaren ezagutza bermatzeko eta atxikimendua erdiesteko.