Jesus Millas: "Aurretiazko borondatea lagungarria izango da gerora gure ingurukoentzat"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 18a, 12:43

Jesus Millas medikua, Osakidetzako zentro batean.

Landatxope jubilatuen elkarteak antolatuta, aurretiazko borondateei buruz aritu ziren pasa den eguenean, hilak 15, Jesus Millas medikua eta Felix Garcia erizaina, Olaranen.

Aurretiazko borondateen inguruan pentsatu eta hausnartu beharra dagoela uste dute Jesus Millas eta Felix Garcia osasun profesionalek, bizitzaren amaiera arindu dezaketelakoan; norberarena ez ezik, baita hiltzear den ingurukoena ere.

Hausnarketa duzue solasaldiaren oinarrian; zertaz?

Solaskideekin hausnartu dugu nola gustatuko litzaiekeen zainduak izatea beren bizitzaren amaieran, eta nahi horiek betetzeko modurik onenetako bat senideekin edota osasun profesionalekin hitz egitea dela; egokitzat joz gero, aurretiazko borondateen dokumentua osatu dezakete, erabakitzeko gaitasunik ez duten unean ingurukoek euren borondateak kontuan har ditzaten. Kalean nahasmena sortzen duten kontzeptuez ere hitz egin dugu, hala nola sedazioaz, nahi ez diren tratamenduen bazterketaz eta eutanasiaz.

Zertan laguntzen du hausnarketak?

"HERIOTZA DUINA TERMINOA ENTZUTEN DUGU, BAINA HIL ARTEKO BIZIA IZAN BEHAR DA DUINA"

Jakinekoa da gure gizartean ez dela ohikoa bizitzaren amaieraz eta jaso nahiko genituzkeen zaintzen inguruan pentsatzea; heriotza tabu bihurtu da. Hala ere, egoera horiei buruzko hausnarketa lagungarria izango da gerora gure ordez erabaki behar duten senide eta osasun profesionalentzat.

Zer izan beharko genuke kontuan horretaz pentsatzean?

Gure gomendioa da aurretiazko borondateak egin aurretik gogoeta egitea, pertsonala zein ingurukoek lagundua, Osakidetzako webgunean eskuragarri dagoen dokumentu bat erabilita: Pentsatu, hausnartu. Hori baliagarria da bizitzari balioa eta balioari kalitatea zerk ematen dion pentsatzeko; baita arbuiatu nahiko genituzkeen neurrien berri jasotzeko ere, nahi ez dugun bizitza bat luzatu dezaketelakoan. Izan ere, heriotza duina terminoa entzun ohi dugu, baina uste dut hil arteko bizitzak izan behar duela duina, eta hori nolakoa nahi den soilik gutako bakoitzak esan dezakeela.

Horrek zama arintzen al die ingurukoei?

"AUTONOMIA ARIKETA BAT DA AURRETIAZKO BORONDATEA EGITEA, BIZITZA AMAIERARA ERAMANA"

Aurretiazko borondateek, bizitzaren azken momentuan, gure senideei, zaintzaileei eta osasun profesionalei erabakiak hartzen lagunduko diete, jada ez bagara horretarako gai, esate baterako, erabakitzeko gaitasun mental nahikoa ez dugulako; aurrez erabaki genezake, adibidez, etxean hil nahi dugun edo ez, sedazioa gura dugun edo ez, hil ondoren zer egin gure gorputzarekin... Hori lagungarria izango da ingurukoentzat, horrelako erabakiak hartzeak eragin handia izan baitezake emozionalki familia batentzat.

Hor dago, adibidez, eutanasiaren gaia...

2021az geroztik gure herrialdean legezkoa da hiltzeko laguntza edo eutanasia eskatzea; legeak hala baloratuz gero, behintzat. Eskatzeko ezintasun egoeran bagaude, ordea, aplikatzeko aukera bakarra aurretiazko borondateak eginak izatea da, eta gure nahia hor esplizituki agertzea. Aurretiazko borondateak egitea autonomia ariketa bat dela uste dut, bizitzaren amaierara eramana.

Jubilatuek antolatu dute hitzaldia, baina nori zuzenduta dago?

Gai honen inguruan interesa izan dezakeen edonori egiten diogu gonbidapena, osasuntsua edo gaixotasun batekin, zaharra edo gaztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak