Garapen pertsonalaren formakuntzak helburu du norbanako bakoitzak "sentitzen, pentsatzen eta susmatzen duenaren kudeaketa bideratzea", Amaia Etxaniz eta Jesus Mari Mata antzuolarren arabera. "Egun, zientziak erakusten du hau dela bakean eta osotasunean bizitzeko modua, bizitza benetan dastatzekoa". Haien hitzetan, "geroz eta errazagoa eta sinpleagoa da mundu mentala eta emozionala" lantzea; betiere, horretarako erremintak izanez gero.
Bada, tresna horiek eskaintzea dute xede gurasoei zuzendutako tailerretan; batik bat, meditazio ariketa praktikoen bitartez, "sinpleak eta eraginkorrak" direlako, eduki apur bat tartekatuta.
Lehen urratsak, eskolan
Etxanizek eta Matak azaldu dutenez, Antzuolako Herri Eskolako ikasleak dagoeneko hasiak dira prestakuntza jasotzen, Barnetik hazi eta hezi proiektuaren parte baita, eta orain, gurasoengana jauzi egin nahi dute. "Gurasoek egitea eta esperimentatzea ona da norberarentzat, eta familiartean egin ahal izatea errazten du. Seme-alabekin harremana nabarmen hobetzen da". Are gehiago, erantsi dute era horretan "kultura aldaketa bat" erdietsi nahi dutela: "Barrura bizitzea ahalbidetzen duen aldaketa bat".
Hala, bi talde egingo dituzte: Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzako hirugarren mailara arteko ikasleen gurasoek otsailaren 4 eta 18an izango dituzte saioak; laugarren mailatik seigarren mailara artekoek, berriz, martxoaren 10 eta 24an. Olaranen izango dira saioak, 10:00etatik 13:30era, eta udaletxean eman behar da izena; gutxienez, hamar pertsonakoak izango dira taldeak.
Ezagutza partekatuz
Urteak daramatzate formakuntzak ematen, eta, horrez gain, gurasoak ere badira. Hala, euren ezagutza eta esperientziatik abiatuko dute tailerra. Lehenengoan gurasoek bakarrik hartuko dute parte; bigarrenean, berriz, seme-alabekin. "Saiatuko gara tailerra atseden hartzeko, gelditzeko, gozatzeko eta geure burua ondo zaindu ahal izateko espazio bat izaten".