Jon Ander Urresti: "Eukaliptoarekin dugun erlazioan sakondu dugu"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 19a, 16:48

Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia Eukalyptus antzezlanean.

Eukaliptoak abiapuntutzat hartuta, Eukalyptus antzezlana aurkeztuko du Jon Ander Urrestik (Bermeo, Bizkaia, 1992) etzi, 18:30ean, Torresoroan.

2022ko Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen, eta horrela hasi zen proiektua garatzen; Udalbiltzaren Geuretik Sortuak-en eta Euskal Hirigune Elkargoaren laguntza ere izan du.

Nola iritsi zarete eukaliptoetara?

Iritsi baino, gure abiapuntua izan da, horrela aurkeztu genuen Durangoko Azokara. Euskal Herriko paisaiaren parte garrantzitsuenetakoak dira, batez ere, Bizkaian, baina gero eta gehiago Gipuzkoan eta Araban. Eukaliptoekin dagoen erlazioan sakondu nahi izan dugu, harreman toxiko horren konplexutasuna aztertu, ea zergatik diren gure paisaiaren parte, zein ondorio dituzten, zein eragin duten guregan eta guk eurengan; hainbat galdera izan ditugu.

Galdera horiei erantzuna emateko, ikerketa bat egin duzue, ezta?

Bai. Udalbiltzako dirulaguntzak baldintzetan du herri batzuekin harremana izatea, eta Aulestin, Amoroton eta Munitibarren (Bizkaia) izan gara; saiatu gara landa eremuko jendearekin elkartzen, esate baterako, egurrean lan egin duten eta basoak dituzten herritarrekin, eukaliptoaren inguruan duten iritzia jasotzeko. Horrez gain, adituekin ere izan gara; adibidez, Errez kooperatibarekin. Hala, ahalik eta begirada pluralena erdietsi nahi izan dugu. Horrek gero eta gehiago aberasten du gatazka, eta gero eta interesgarriago egiten du antzezlana. Ez dugu panfleto bat egin nahi izan.

Horretarako, adibidez, "euskaldun kontzientziatua" duzue hizpide.

Pertsonaia konplikatuetan sakondu nahi izan dugu, konplexutasunean, eta hor bada euskaldun kontzientziatuaren eszena bat. Izan ere, batzuetan, erraz ematen dugu eukaliptoen inguruko iritzia, zuzenean gure basoen postalari apelatuz, baina, beste aldetik, gizarte moduan bada eukaliptoaren kontsumo handi bat. Horrez gain, bada saiakera bat periferian gelditzen diren gai batzuei lekua emateko ere. Eukaliptoak gure basoetan daude, baina kontsumo nagusia hirietan dago: bazen modu bat zubi bat egiteko jende kosmopolitaren eta landa eremukoaren artean.

Non da eukaliptoa?

Paperezko gauza guztietan, adibidez: komunekoan, musuzapietan, kaferako baso eramangarrietan... Hori guztia aipatzen dugu modu komiko, tonto eta probokatzailean, baina egiak direnak, gure kontsumo mailaren kontrola behar baita gure basoen kontrola izateko.

Lurjabe diruzale bat eta langile bat dituzue pertsonaia nagusi.

Horiek dira gure pertsonaiak. Ikusi dugu eukaliptoarekin dugun erlazioa, batez ere, lanari lotutako harreman toxiko bat dela, eta horregatik hautatu ditugu esplotatuaren eta esplotatzailearen pertsonaiak. Kanpotik ekarri dugun espeziea da eukaliptoa, efizientea delako, eta harengan dugun interes bakarra ekonomikoa da; gure langilea da. Modu paraleloan hitz egin nahi izan dugu esplotazioari edo ustiapenari buruz.

Ez zara bakarrik aritu lan honetan; nortzuek osatu duzue lantaldea?

Matxalen De Pedro, Beñat Urrutia eta hirurok aritu gara teatroa artikulatzen, eta Nerea Ibarzabal, berriz, testuekin. Elkar prob katzen egiten dugu lan; inspiratzaileak izan daitezkeen irudiak hartzen ditugu, eta horren potentzialtasuna frogatu eszenan, gerora testuak sortuz. Nahiko aktiboa izan da partaidetza.

Orain, aurkeztea besterik ez da falta; nola zaudete?

Durangon aurrestreinaldia eginda, Aulestin estreinatuko dugu gaur, eta hemezortzi plaza ditugu lotuta. Oso gogotsu gaude. Antzerkiak publikoa behar du; ikuslerik gabe, ez luke zentzurik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak