Herria mobilizatzen hasteko nahia du Meaka-Irimo herri plataformak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 25a, 16:37

Irimo ingurua, Deskarga mendatetik.

Informazioa banatzen arituko dira, eta alegazioak irakurtzeko aukera ere izango da egunotan; etzi, berriz, batzar irekia egingo dute. Horrez gain, mendi irteera antolatu dute Irimora.

Trekutz parke eolikoaren proiektua argitaratu zuten EAEko aldizkari ofizialean hilaren 15ean, eta urtarrilaren 30era arte egin daitezke alegazioak. Bada, hori aintzat hartuta eta proiektuaren aurka egin asmoz, herria mobilizatzen hasteko nahia du Meaka-Irimo herri plataformak.

Haren arabera, proiektuak Antzuolako "eremu natural ederrenetako bat" txikituko luke, eta uste du "energia berriztagarria sortzeko eremu naturalak hondatzea" ez dela bidea, "inoiz ez direlako natura baliabideak berreskuratuko eta une honetan inoiz baino garrantzitsuagoak" direlako. Are gehiago, proiektuak herrian inpaktua izango duela gogoan, nabarmendu dute herritarren iritzia kontuan hartu beharko litzatekeela, eta, gainera, eurak izan beharko liratekeela herriko energia berriztagarrien ereduaren inguruan erabakiak hartu beharko lituzketenak.

Ekintza sorta

Hori guztia gogoan, bihar, hilak 26, egingo dute lehen ekintza, informazio mahaia jarriko baitute, 17:00etatik 20:00etara. Proiektuari buruzko informazioa jasotzeko aukera izango da, eta baita alegazioak irakurtzekoa ere, herritarrek sinatu dezaten. Hilaren 31n ere jarriko dute, baina, aurrez, goizean, mendi irteera antolatu dute Irimora. 09:30ean aterako dira herritarrak Herriko Plazatik, eta, 11:00etan, Trekutzetik. 12:00etan elkartuko dira guztiak Irimo gainean, urretxuarrekin batera.

Horrez gain, abenduaren 27an, eguaztena, batzar irekia egingo da Olarango bigarren solairuko gelan, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak