Trekutz parke eolikoaren proiektua argitaratu zuten pasa den egubakoitzean –ikus dokumentua–, hilaren 15ean, EAEko aldizkari ofizialean, eta dagoeneko alegazioak egin daitezke; 30 lan eguneko epea dago horretarako. Bada, hori aintzat hartuta, Meaka-Irimo herri plataformak batzar irekia egingo du gaur arratsaldean, 18:30ean, Olaranen. Era horretan, asmo dute proiektuak eragin ditzakeen "txikizioen" aurrean herritarrek duten jarrera finkatzea eta naturaren zaintza bermatzea.
Cilda Energu SLU enpresak egin du eskaria. Bosna megawatteko potentzia izango luketen bi aerosorgailu jarri nahi dituzte, eta baita interkonexiorako azpiegitura elektrikoa ere. Hain justu, Trekutz Sekzionamendu Zentroa eraikitzea dute xede, parke eolikoak sortuko lukeen energia han hustu dadin. Horretarako, lurpeko linea elektrikoaren zirkuitu bat egingo lukete, 3.640 metrokoa. Are gehiago, Trekutzetik lekualdatu egingo lukete energia hori, Set Vurrechu T1era, 580 metro luzeko beste linea elektriko bat eginda.
Parke eolikoa egiteko 10.275.900,24 euroko aurrekontua zehaztu dute, eta ebakuazio linearako, berriz, 624.061,40 eurokoa.
Etzi, hitzaldia
Antzuolako Gazte Asanbladak eta Antzuolako 8 Miliak taldeak antolatuta, Irimoko eolikoen zergatia eta ondorioak. Berdea ala ustela? hitzaldia emango du Josebe Blanco antzuolarrak eguaztenean, hilaren 20an, gaztetxean. 18:00etan izango da