DAP Debagoieneko Antzerki Plataformak antolatuta, Amaia Bono artistak (Gasteiz, 1989) Belarriprest antzezlana aurkeztuko du domekan, hilaren 3an, 18:00etan, Torresoroan. Karoi Debagoieneko antzerki jaialdiko azken ekintza da.
Zer da Belarriprest? Zerekin topo egiteko aukera izango du ikusleak?
Belarriprest estetika sinpleko ikuskizun bat da, hitzaldi itxurakoa. Euskara ikasteko nire historia kontatzen du, eta, aldi berean, prozesu horretatik igaro diren Euskal Herriko pertsona askorena.
Ikuskizunaz gain, protesta ekintza bat ere ba omen da. Zergatik?
Agian ez da protesta hitza, baizik eta bitartekotza ekintza bat. Pertsona asko daude euskara dutenak ama hizkuntzatzat, edo ikastoletan ikasi dutenak, konturatu gabe; batzuetan, ez dute enpatiarik komunikatzeko arazoak ditugunokin, gure arazoekin, hitz jarioekin, zalantzekin eta abarrekin... Uste dut espektakulu honen bidez sentsibilizazioan eragin daitekeela. Aldarrikapen ekintza bat ere bada. Batzuetan esaten dudan eran, Euskal Herrian hiru pertsona mota daudelako: euskaldunak, erdaldunak eta gu, akastunok. Sarritan ez gaude espazio publikoan.
Osagai biografiko pila bat ere badituela diozu, eta zuretzat erronka handia izaten ari dela.
Ez baitakit euskaraz ondo hitz egiten. Euskalduna naiz, hortaz ez dut zalantzarik, baina txikitan A ereduan ikasi nuen eta urte asko daramatzat ikasten, barnetegietan, euskaltegietan... Oraindik ez dut sentitzen elkarrizketa argi bat izan dezakedanik euskaraz. Baina proiektu honek asko lagundu dit jendaurrean hitz egiteko beldurra galtzen!
Izan ere, zure lehenengo sortze lana da euskaraz, ezta?
Bai, urteak daramatzat arte eszenikoetan lanean, eta ez naiz inoiz ausartu; batzuetan, uste dut mundua arte eszenikoen bidez ulertzen dudala, eta, beraz, pentsatu nuen nire euskararen ikaskuntza mundu honetan sartuz gero, errazagoa izango litzatekeela. Bide onean doa.
Zer da ikuskizun honekin lortu nahi duzuna?
Gu ere euskal kulturaren parte garela azaldu eta aldarrikatu nahiko nuke.
Nola egingo duzu hori antzerkiaren bidez?
Enpatiaz eta ironiaz, baina batez ere umorez!
Euskara, gainera, hizkuntza oso figuratiboa dela diozu, jakin-mina duena. Hala da?
Bai. Kontzeptuak hitzez adierazten dituen hizkuntza da euskara, hitz elkartuetan eta esanahietan ikus daitekeen eran.
Ikuskizunaren lehen urratsetako batzuk Antzuolako sormen egonaldian egin zenituen. Orain, herrian aurkeztuko duzu.
Bai, eta asko eskertzen dut DAPek proiektu honekin izan duen konfiantza eta testuinguru zoragarri honetan lan egiteko aukera. Oso denbora eta espazio baliotsua eskaini zidaten proiektu hau su motelean sortu eta prestatzeko. Beraz, orain Antzuolara joatea eta han jardutea plazer handia da.
Orain, lantalde handiagoarekin zabiltza lanean Azala espazioan, Araban. Idoia Zabaleta eta Hannah Whelan dituzu bidelagun. Zer egingo duzue elkarrekin? Belarriprest proiektuaren jarraipena?
Ideia izan da ildo horretan jarraitzea, eta euskaraz hitz egiten ez dakitenena hurbiltzen jarraitzea. Baina une honetan geldirik dagoen prozesu bat da. Artista gisa ez naiz ekoizteko makina bat, eta, aldi berean, denbora behar duten proiektuetan sartuta nago. Beraz, oraingoz, bigarren fase hori geldirik dago. Ikusiko dugu etorkizunak zer kontatzen digun!