Emakumeen Txokoa jarri dute Antzuolako liburutegian

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 16a, 12:57

Antzuolako Udal Liburutegian jarri duten Emakumeen Txokoa. (Argazkia: A.U.L).

60 liburuk osatzen dute Emakumeen Txokoa, eta emakumeei nahiz feminismoari lotutako idazleen lanak, gaiak eta liburuak aurki daitezke bertan; puntu moreekin daude markatuta lanok, eta bilduma handitzen joango dira materiala jaso ahala.

Antzuolako Liburutegian Emakumeen Txokoa sortu berri dute. Joan den asteaz geroztik, liburutegiko apalategi batean daude kokatuta emakumeei eta feminismoari lotutako idazleen lanak. Gutxi gorabehera, irakurle helduei zuzendutako 60 liburu inguru daude "edonoren eskura", eta horiek puntu more batez daude markatuta.

Beste udal liburutegi batzuetan ere aurkitu daitezke emakumeen txokoak, eta ideia hori oinarri hartuta erabaki dute herrian ere halako bat jartzea. Modu horretan, orain arte "oharkabean" pasatzen ziren liburu gehiagok ikusgarritasun handiagoa izango dutela diote udal liburutegitik: "Gaiari buruzko interesa duen edonork erraz identifika dezake materiala, eta txoko propioa edukitzeak ikusgarritasuna ere ematen dio. Bestela, liburu horietako asko oharkabean pasatzen ziren beste liburu guztien artean".

Geratzeko etorri den txokoa

Emakumeen Txokoa izanik, emakumeei nahiz feminismoari lotutako idazleen lanak, gaiak eta liburuak aukeratu dituzte. Azaldu dutenez, erreferentzia liburuak dira asko. Hala ere, genero guztietako liburuak aurki daitezke bertan; biografiak, eleberriak edota poesia liburuak, besteak beste.

Ez da behin-behineko txokoa izango, geratzeko etorri dena baizik, eta etorkizunera begira, orain arteko bilduma zabaltzeko asmoa ere badute liburutegian; izan ere, adierazi dutenez, gaiarekin zerikusia duten "material interesgarria" atera ahala joango dira gehitzen apalategi horretan.

Datozen jarduerak

Liburutegiak iragarri du abenduaren 17an, 18:00etan, Torresoroan, 2 eta 12 urte bitarteko haur eta familientzako Azken hostoa Gabonetako ipuin musikatuak egongo direla Maider Alcelay eta Igor Salaren eskutik.

Halaber, hurrengo irakule taldea 2024ko otsailaren 1ean bilduko da eta Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburua landuko dute. Liburutegitik adierazi dute idazlea berak ere hartuko duela parte solasaldian.

Izapideak, liburutegian

Horrez gain, Antzuolako Udala harrera eskaintzen hasiko da liburutegian ere. Izan ere, orain arte, goizez bakarrik eskaini izan da arreta Antzuolako Udaleko bulegoetan, baina, orain, liburutegian ere egongo da ohiko izapideak egiteko aukera; hala nola izen-emateak egin ahal izango dira, eta errolda ziurtagiriak eskatu; halaber, erantzuna behar duten beste beharretarako ere eskainiko du zerbitzua.

Liburutegian arratsaldez egin ahal izango dira izapideak, eta ordutegia 16:45etik 19:30era izango da. Hala ere, eutsi egingo diote udaletxeko zerbitzuari ere, 08:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak