Gaba beltza berreskuratzeko proposamena egin du Antzuolako Udalak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 24a, 09:00

Gaba beltzeko irudi orokor bat. Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea.

Halloween albo batera utzi, eta Euskal Herriko ohituren alde egin nahi du, garai zaharretan egindakoak ezagutarazteko, herrira moldatuta.

Udaletik azaldu dutenez, Halloween ospatzeko ohitura "indar handiz" sartu da Euskal Herrian, baina gero eta herri gehiagotan berreskuratu nahi dute gaba beltza ospatzeko ohitura. "Jai horri benetako izaera eman nahi diote. Izan ere, gaba beltzak badauka izaera bat: zabaldu eta partekatu. Gero herri bakoitzak bere izaera ematen dio, bere herrira egokitzen du. Herri horietan komunitate bat sortzen da jaiaren inguruan. Herriak herriarentzat egindako jaia da".

Bada, Antzuolan ere hori egin nahi dute, eta, beraz, Antzuolako Herri Eskolari, Pausoka guraso elkarteari, Ipintza institutuko gurasoei eta herriko akademietako kideei gaba beltza ospatzeko proposamena egin diete. "Halloween baino, gaba beltza gure egin, eta elkarlanean, zerbait antolatzeko urratsak ematen hastea; neguko festa bat izatea, dolua tratatzea eta jendearen beldurrak ateratzea".

Proposamenen berri

Urriaren 31an gaba beltza ospatu ahal izateko, beraz, hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean Udalak. Batetik, izena mantentzeko aldarria egin du. "Euskara batuan gau erabiltzen bada ere, Antzuolan gaba esan izan dugu; jaia geure-geurea izan dadin, geure euskalkian esaten den moduan deitzea proposatzen dugu". Horrez gain, gaztelerazko truco o trato esan beharrean, ziria ala saria erabiltzeko eskatu dute. "Hobetu gure euskalkian esaten den moduan: zirixa ala sarixa?".

Azkenik, mozorroak aldatzeko proposamena ere egin du. "Mundu anglosaxoitik datorkigun Halloween komertzial eta kontsumista baztertu eta etxeko arropa zaharrak erabiliz egin ditzakegu mozorroak". Oinarrizkoak dira aurpegia estaltzeko zapia, oihala eta kapela; baita gona, praka eta alkandora zaharrak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak