Errealitateak ikusgai egiteko zinema soziala

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 18a, 15:13

'Broken Wings' dokumentaleko irudi bat. broken wings

Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia antolatzen du KCD erakundeak, eta, orain, Antzuolara iritsiko dira lan batzuk, Anelkar taldeari esker. Modu horretan, asmoa da film laburren bitartez gai eta errealitate jakin batzuen ikusgarritasuna bermatzea.

Zinemako ohiko pantailetan maiz ezkutatzen diren errealitateen berri emateko eta gizartean eragin nahi duen tresna eraldatzailetzat erabiltzeko asmoz, KCD Bilboko gobernuz kanpoko erakundeak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia abiatu zuen duela hamabost urte, Film sozialak izenpean. Hiritik at, ordea, herriz herri ere egiten dituzte emanaldiak, eta, orain, Antzuolara iritsiko da. Jaialdiko sei lan ikusteko aukera izango da egubakoitzean, 18:30etik aurrera, Torresoroa aretoan.

Herritar batek eginiko proposamenari tiraka, Anelkar elkartasun taldeak antolatu du ekitaldia, Udalaren laguntzarekin. Jabi Etxaniz taldekideak azpimarratu duenez, asmoa da film laburren bitartez gai jakin batzuen ikusgarritasuna bermatzea, hala nola giza eskubideak, jasangarritasuna, kulturartekotasuna eta berdintasuna. "Lehen aldiz egingo dugu Antzuolan. Gustatuz gero, datorren urtean bi eguneko saioak egitera ere animatuko gara".

Hainbat dira jaialdian aurkezten dituzten ikus-entzunezko lanak, baina herrietara ez dituzte guztiak eramaten; gobernuz kanpoko erakundeko kideak arduratzen dira tokian toki hautaketa bat egiteaz. Horretarako, besteak beste, kontuan hartzen dute egilea gizonezkoa, emakumezkoa ala kolektibo bat den, eta baita lantzen den gaia zein den ere. Hala, Antzuolan, sei lan hauek izango dira ikusgai: Broken Wings, In the shadow of pigeon wings, Arnasa, Mothertruckers, Imelda no esta sola eta Si me querei, irse.

Lankidetza proiektuak

Jaialdia antolatzeaz gainera, KCDk garapenerako hainbat lankidetza proiektutan dihardu lanean hainbat herrialdetan, hala nola Senegalen, Kuban, Kolonbian, El Salvadorren, Mexikon, Guatemalan, Egipton eta Nikaraguan.

Sei lan aurkeztuko dituzte

Zinema Ikusezinaren hamabosgarren nazioarteko jaialdiko sei lan ikusteko aukera izango da egubakoitzean, Torresoroan, 18:30etik aurrera.

Broken Wings, Jorik Dozy eta Sil van der Woerd

Dokumental musikala da, Asia hego-ekialdeko isileko hegazti ehizaren berri lehendabizikoz azaltzen duena. Hegazti tropikalek basotik kaiolara egiten duten bidaia kontatzen du, nola ari diren azkar husten oihanak eta nola dauden desagertzeko zorian 1.500etik gora hegazti espezie. Apenas inork daki hondamen horren berri.

Si me querei, irse, Sofia Muñoz

Fikziozko film laburra da. Igandero bezala, paella bat ari da prestatzen Juana, familia inguruan duela. Baina senarrak erretiroa hartu duela jakiteak zapuztu egiten du ospakizuna.

In the shadow of pigeon wings, Ahmed Mücahid Aydogan

Libanoko errefuxiatu-eremuetan bizi diren palestinarren erretratua azaltzen duen dokumentala da.

Arnasa, Raul Barreras

Fikziozko film laburra da. Muino batean eserita, bertso bat kantatuz azaldu du Inaxiok emaztearen heriotzak eragin dion atsekabea. Kantuak erakarrita edo, baserrira itzuli da Ekaitz, Inaxioren biloba, aitonari laguntzera, abereak zaintzera. Inguruan dutenaz ikuspegi desberdinak dituzten arren, berriro bat egin eta etorkizunaren erronkei elkarrekin aurre egitea erabaki dute.

Mothertruckers, Paula Romero

Gutxi hitz egiten da emakume kamioilariez, eta hutsune hori betetzea du xede Mothertruckers dokumental laburrak. Erresuma Batua garraio –eta erregai– krisi larria pairatzen ari zen Brexit ondorengo garaian dago girotua, eta gizonezkoak nagusi diren lanbidean emakume izateak dakartzan gorabeherak aztertzen ditu. Halaber, bi ikuspegi jartzen ditu aurrez aurre: errepidean libre ibiltzearen ideia erromantikoa eta bizibide gogor eta ohiz kanpokoa.

Imelda no esta sola, Paula Heredia

El Salvadorko sistema legalean harrapaturik dagoen nerabe baten istorioa dugu; dokumentala. Larrialdi obstretiko bat izan du Imeldak, eta ospitaleratu egin dute. Abortatu izana egotzi diote, okerki, eta atxilotu. Imeldaren askatasunaren aldeko borroka kontatzen du filmak, berea eta inguruko emakumeena, denek baitakite aitaordeak bortxatuta geratu zela haurdun. Emakumeen eskubideak gero eta urriagoak diren lurraldeetan zer ari den gertatzen azaltzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak