Mende erdiz gurpilei eragiten

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 9a, 10:02

2023ko Antzuola Saria lasterketako boluntarioak, Aiastui elkarteak banatutako kamisetarekin, uztailaren 9an. Irudia: Karlos Baleztena.

50 urte bete ditu Aiastui Txirrindulari Elkarteak, eta bizi izandakoaren berri eman dute Joseba Lezeta eta Santi Aiastui elkartekideek. Antzuola Saria, Uzarragako Igoera eta 'challenge' probak antolatzen dituzte. Hala ere, oztopoak gero eta ugariagoak dira.

1973ko azaroaren 12koa da Aiastui Txirrindulari Elkartearen eratze agiria. 50 urte igaro dira ordutik, eta asko izan dira elkartekideek eginiko urratsak txirrindularitzarekiko zaletasunak herrian iraun dezan. Bizikleta gainean izan ala ez, mende erdi igaro dute gurpilei ematen, eta, egun, oztopoak gehiago izan arren, aitortu dute lanean jarraitzeko gogoz daudela. Alabaina, lekuko aldaketaren beharra ere nabari dute.

Santi Aiastui: "Elkartea 1973an sortu zen, baina 'Peña Aiastui' aurretikoa da"

Elkartearen aurrekariak, ordea, lehenagokoak dira, Santi Aiastui elkarteko kideak eta txirrindulari ohiak azaldu duenez. "Gogoratzen dut 1970ean kanpoan nengoela lasterketaren batean, eta etxera itzultzean esan zidaten talde bat zegoela eginda: Peña Aiastui". Kuadrilla bat joaten zen Aiastuik parte hartzen zuen lasterketak ikustera, besteak beste, KAS taldean aritu baitzen 1973tik 1974ra. Egunpasak egiten zituzten. "Oilaskoa-eta hartuta joaten ziren! Pentsa, astean behin txuleta bat jateko dirua ere ematen zidaten!", kontatu du umorez, lasterketa baten aurretik arroza eta txuleta jatea beharrezkoak zirelako. "Joxeren harategira joaten nintzen txuletaren bila; pagatuta izaten nuen. Joan eta hartu!".

Herritar batzuek, beraz, ordurako bazuten txirrindularitzarekiko zaletasuna, edo, bai, behintzat, Aiastui animatzeko gogoa. Hala ere, lehenagokoak dira urratsak herrian, lasterketa batzuk egiten zirelako.

1946tik aurrera

Errepublika garaian lasterketaren bat egiten zenaren esanak baldin badaude ere, Antzuola Saria da herriko txirrindulari lasterketarik zaharrena. 1946an antolatu zuten lehen aldiz, eta bergararrak ziren antolatzaileak, Joseba Lezeta Aiastui Txirrindulari Elkarteko kideak azaldu duenez. Udala zuten horretan lagun, baina elkartea sortzearekin batera, lekuko aldaketa egin zen antolaketan. Hasieratik, 2020an izan ezik, urtero egin da lasterketa, eta 77. aldia izan du aurtengoan. Are gehiago, duela 30 urtez geroztik, Iñaki Lete memoriala izena ere badu sariketak. "Antzuolarra zen, eta asko lagundu zion elkarteari. Hainbat txirrindularitza lasterketa antolatzen aritzen zen; hiltzean bere izena gehitu genion Antzuola Sariari; gainera, alkatea zen", azaldu dute elkartekideek.

Urte asko dituen lasterketa da Uzarragako Igoera ere, eta Aiastui elkarteak du antolatzearen ardura gaur egun; hala ere, aurretikoa da. 1961ean egin zen lehen aldiz bergararren ekimenez. "Ez dakit zenbat edizio egin ziren, baina etena izan zuen. Elkartea ofizialki sortzean ekin genion berriro ere lanari", esan du Aiastuik. Izan ere, Lezetak gaineratu du lasterketak eta bestelako ekintzak antolatu ahal izateko sortu zutela ofizialki elkartea. Bada, horri esker, aurten, 49. aldiz antolatu dute Uzarragako Igoera.

Antiguako ziklo-kross proba, 1967an. IRINMODO

Iraun duten lasterketetako bi dira horiek, eta elkarteko kideak dira antolatzaileak, herriko challenge probekin batera. Baina badira jada antolatzen ez diren txirrindulari lasterketak ere; esaterako, 1978tik 1982ra, Antigua Saria antolatu zen. Are, lehenago, ziklo-krosa ere egin zen auzoan, baina beste batzuk ziren antolatzaileak.

Hamaika bizipen

Bizipen ugari dituzte bi elkartekideek, eta ondo gogoan dituzte horietako gehienak, baina bat batik bat: Euskal Herriko Itzulia, 1986an. "Lehenengo etapa hasi eta bukatu zen Antzuolan, eta baita bigarren egunekoa hasi ere. Aiastui elkarteak antolatu zuen", adierazi du Aiastuik, eta Lezetak gaineratu du oraindik arrastoak ikus daitezkeela. "Lapatza baserriaren parean bukatu zen, eta oraindik hor omen dago pankarta jartzeko erabili zen postea ere sartuta".

Joseba Lezeta: "Herri mailako lasterketak egin nahi ditugu, baina egun zailagoa da"

Ordutik, ordea, 37 urte igaro dira, eta are gehiago lehen lasterketak egiten hasi zirenetik herrian. Ondorioz, asko aldatu da txirrindularitza bizitzeko era. "Gu gazteak ginenetik asko aldatu da. Guk entrenamenduak egiten genituen irten eta ordu pila bat, baina ganorarik gabe; orain, serieak-eta egiten dituzte. Elikagaiak ere ez dira berdinak… orain txuletarik ez da izango!", kontatu du Aiastuik. Haren arabera, lehengo ziklismoa "esklusiboki ia europarra" zen, baina orain nazionalitate gehiagoko txirrindulariak daude. Horrez gainera, etxeetan ere ez zen ia txirrindularik. "Eguneroko behar baterako zen; orain autoa dena, lehen bizikleta".

Uzarragako lehen igoera, 1961ean. BERGARAKO UDAL ARTXIBOA, TORIBIO JAUREGI FONDOA

Urteek aurrera egin ahala, ordea, garatu egin da txirrindularitza, eta elkartekideek argi dute bide ona egin dutela herrian hori ahalbideratzeko. Alabaina, elkartearen osasunaz kezkatuta daude.

Bideko oztopoak

Lezetaren arabera, bazkide batzuk badituzte, baina babesleekin-eta aritzen direnez, ez dute "indarrik jarri" gehiago lortzeko. Bost lagunek osatutako taldea aritzen da lanean batik bat, baina baita inguruko herrietakoak ere. "Legazpiarrek, oñatiarrek eta bergararrek esku bat botatzen digute, eta lehen baita arrasatearrek ere; bestela, ezingo genuke". Data zehatzetarako herritarrak ere prest egoten dira, baina jende gehiagoren beharra dutela ohartarazi dute.

Halere, gero eta nekezagoa da ekintzak antolatzea. Herritarrekin eta laguntzaileekin funtzionatu izan dute; boluntario. "Meriendaren baten truke-edo laguntzen ziguten; soldatarik gabe. Beti bizi izan gara miserian! Baina tira...", aipatu du umorez Aiastuik. Baina lasterketak horrela antolatzeko oztopoak daude orain, Lezetak salatu duenez. "Orain, profesionalizatzen ari da kontua. Herri mailako lasterketak egin nahi ditugu, baina egun zaila da horrela egitea".

Euskal Herriko Itzulia, 1986an, Olamendi baserriaren aurrean. EL DIARIO VASCO

Azaldu dutenez, baldintza batzuk bete behar dira lasterketetan; esaterako, ertzainek hamar motorista eskatzen dituzte, eta errepide batzuetatik ezin da igaro. "Alde horretatik, konplikatu egin da", esan du Lezetak, eta Aiastuik gaineratu: "Tourrari hamabi milioi euro eman ei dizkiote, baina gero dena da oztopoa. Hor gastatu duten diruarekin Euskal Herriko lasterketa guztiak egin daitezke bost urtean". Uste du profesionaletara iritsi baino lehen, beste kategorietatik igaro behar dela, eta "trabak" egonda, hori zaila izango dela. "Piramide bat da: behean lan asko egin behar da gora igotzeko, baina hemen gauza handiak nahi izaten ditugu". Halere, Lezetak azpimarratu du euren eskemetan jardutea dutela asmo datozen urteetan ere; herri lanean. "Gu gauden artean, saiatuko gara horri eusten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak