Zaletasunean eragin nahi du Kaleko bertso eskolak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 2a, 09:23

Kaleko bertso eskolako kideetako batzuk, pasa den astelehenean, Antzuolako gaztetxean. Erdian, Jon Mata irakaslea.

Lagun talde bat bildu ohi da Kaleko bertso eskolan, baina herritarrengana heldu nahi dute, parte har dezaten. Ez da maila jakinik izan behar, eta hutsetik has daiteke; hein batean, bertsolaritzara gerturatu asmo dute jendea. Gazteagoentzat ere bada aukera.

Herriko bertsozaletasunean eta bertsolaritzan eragitea du helburuetako bat Kaleko bertso eskolak. Iaz hasi zen lagun talde bat bertsotarako elkartzen, formatu formalik gabe, lasai jarduteko. Ikasturtea hasita zegoen ordurako, baina, aurten, eskolak hastearekin batera ekin diote lanari. Hamar pertsona inguruk osatzen dute –23 eta 33 urte artekoak–, baina Jon Mata bertso eskolako irakasleak azaldu du gonbidatuta daudela gazteagoak eta helduagoak ere. "Giroa oso ona da, eta elkar ezagutzeak asko laguntzen du lotsari aurre egiten".

Matak jakinarazi duenez, gainera, ez dago inongo maila baten beharrik bertso eskolara gerturatzeko. "Parte hartzaileen gehientsuenak bertsozale soilak ziren; errimatzeko arauak, neurriak eta abarrak ezezagun zituzten hasieran. Norbait berria datorrenean pixka bat teoria hori errepasatu eta poliki-poliki hasten gara". Parte hartu nahi dutenei, beraz, lasai gerturatzeko deia egin die irakasleak, elkarrekin ikasiko dutela nabarmenduta.

Askotariko moldeetan

Bertso eskolako ikasle bakoitzak estilo propioa du, eta baita nahia ere. Batzuk ez daude prest jendaurrean aritzeko; beste batzuek bertso idatziak nahiago dituzte; eta bada bertsoaren oinarria ikasi nahi duenik ere, bat-batekotasunari garrantzia emanda. Hain justu, eskoletan ere, normalean, bat-batean aritzen dira. "Norbanako lana bakarka etxean ere egin baitaiteke. Baina ez da derrigorrezkoa den zerbait. Garrantzitsuena, lotsa gutxi izatea da, eta gogo handia".

Era horretan, bertsolaritzan sakontzea dute helburu bertso eskolan; animatuz gero, baita zerbait gehiago egitea ere. "Sarri hitz egin izan dugu herri mailako bertso afariren bat edo ikuskizunen bat prestatzeaz; baita herri arteko txapelketaren bat egitea ere, umoretik jota". Halere, Matak esan du ikusteko dagoela zein izango den Kaleko bertso eskolaren ibilbidea.

'Kale' hitzaren esanahia

Astelehenero elkartzen dira bertsotan aritzeko, 19:00etan, gaztetxean. Hala ere, aurrez zehaztu ohi dute hitzordua, norbaitek kale egingo ote duen jakiteko. Hor baitago bertso eskolaren izenaren esanahia.

Bertsozale Elkartetik eskatu zioten Matari Antzuolako bertso eskolaren izena, eta Whatsapp taldera jo zuen proposamen eske. "Kaleko bertso eskolak grazia egin zigun, kale horrek dituen zentzuengatik. Kale da, kaleko edozeinentzat; kale, bertsotan kale edo akats ugari egiten ditugulako; baina kale, batik bat, astero azaltzea ezinezkoa delako taldeko askorentzat, lanagatik edo konpromisoengatik".

Baita gazteagoentzako ere

Bertsozale Elkarteak eta Udalak ere bertso eskola jarri nahi dute martxan, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik gorakoentzat. Bihar izango da izena emateko azken eguna, eta Mata, berriz, irakaslea. "Iaz umeek bazuten nahia, baina ezinezkoa izan zen irakasle bat topatzea; aurten, proposamena egin, eta baiezkoa eman nien elkartekoei".

Beste aldi batzuetan ere egon izan da bertso eskola Antzuolan. Herri Eskolan ere programak egin izan dira bertsolaritza gerturatzeko, baina aisialdira zabaldu nahi zuen Udalak, aisian ere bertsoak lekua izan zezan.

Hori gogoan, Matak nabarmendu du bertso eskolaren asmoetako bat umeei bertsotan egiteko aukera zabaltzea dela, baina ez hori soilik. "Hitzekin jolas egitea da, ongi pasatzea eta barre egitea; umeen artean sentsazio hori zabaltzea ederra litzateke". Horrez gain, uste du bertsolaritzaren "funtzio kulturala eta euskararekiko gertutasuna oso aberatsak" direla. Hori ere transmititu asmo dute.

Hala, kuriositatea duen oro animatu du parte hartzera, bertso kopla batekin, Sorterriko koblak doinuan: "Kontu eta barre pila / ez da behar izan abila / ondo pasatzea nahi duenak / lasai anima dadila, lasai anima dadila".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak