Pette Etxebarria: "Filma parada bat izaten ahal da trukearentzat"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ira. 29a, 15:26

Pette Etxebarria 'Oiogorri' film laburraren zuzendaria.

Oiogorri film laburraren zuzendaria da Etxebarria. Aiherra eta Antzuolaren arteko senidetzea du oinarri lanak, eta zuzendaria urriaren 4 eta 5ean arituko da filma grabatzen Antzuolan. Herritarrak deitu ditu parte hartzera.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoari esker, Oiogorri filma grabatuko du Pette Etxebarria (Barkoxe, Zuberoa, 1985) zinemagileak, Aiherran eta Antzuolan. Urriaren 4 eta 5ean arituko da Antzuolan, eta lanaren gaineko xehetasunak eman ditu herritarrei parte hartzeko deia egitearekin batera. Interesa izanez gero, udaletxean eman daiteke izena.

Zein izango da lanaren oinarria?

Filmaren istorioa azkenean aski sinplea da. Gizon batek bere oiloa galtzen du, berarekin bizi da, eta oiloaren atzetik ari da mendian-eta. Hori da istorioaren hasiera, narrazioaren gauzarik inportanteena. Bilbotik abiatu, eta mendiz mendi ibiliko da, Zuberoara ere iritsi arte; tartean, Aiherran ere izango da. Pixka bat umoretsua izango da; burleskoa izateko asmoa du.

Ander Lipusek gorpuztuko al du gizonezko hori?

Bai, hori da.

Izango al da beste protagonistarik?

Bera izanen da protagonista, baina izango da parte hartuko duten gehiago ere, figurazio lanean arituko direnak. Film kasik osoan ez da hitzik entzunen; mutua-edo izanen da, ez da elkarrizketa aunitz. Irudietan oinarrituko da gehiago. Orduan, agertuko dira beste pertsonaia batzuk, baina protagonistatzat ez dute hitz eginen.

Horregatik, beraz, deia herritarrei parte hartzera…

Batetik, figurazio lana egingo dute; horrek sinesgarritasun gehiago ematen dio, karrikan ibiltzen delarik. Baina motibatuak direnek antzerkia lantzeko posibilitatea ere ukanen dute. Izan ere, filmaren hasieran ageri da Lipus erdi punkie-edo dela, ahal bezala bilatzen duela bizimodua, eta dirua ateratzeko estatua biziduna dela. Berak hori egiten du ofiziotzat. Bada, ideia da karrikan ibiltzen delarik horrelako beste birekin topatzea. Eta proposamena da Antzuolan gutxienez bi pertsona paper horretan sartzea, motibatzen badira…

'Oiogorri' film laburreko 'storyboard'-eko ilustrazio bat.

Grabaketei dagokienez, zein izango da ordutegia?

Zehaztuta ditugu. Urriaren 4an arratsaldez arituko gara, 16:00etatik aurrera. Taberna baten kanpoaldean hartuko ditugu irudiak. Urriaren 5ean, berriz, estatua bizidunen rolean sartuko direnekin gelditzea da asmoa, 10:00etan.

Lantalde batekin arituko al zara lanean?

Bai. Ekipo teknikoan hiru izanen gara. Batek soinua hartuko du; nik, berriz, kamera hartuko dut, beste laguntzaile batekin. Proiektu oso xumea baita, gure ahalekin egingo duguna.

Ezagutzen al zenuen aurrez Antzuola eta Aiherra herrien arteko senidetza?

Berria izan da; ez nuen ezagutzen. Udalbiltzari esker ezagutu dut. Eta polita iruditzen zait lan hau elkarrekin egitea ere. Izanen da beste grabaketa egun bat Aiherran ere, urriaren 21ean. Hor ideala da bi herrietakoak biltzea. Egia da filma ere parada bat izaten ahal dela trukearentzat.

Noizko amaitzea aurreikusten duzu?

Bukatzeko epea abenduaren amaiera da, baina ez naiz ziur noiz eta nola aurkeztuko den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak