Etorkizuneko hilerria marrazten hasteko unea

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ira. 25a, 10:32

Hilerriaren inguruan gogoetatzeko prozesuaren aurkezpena, maiatzaren 11n.

Herritarrek nahiko luketen hilerriaren inguruan hausnartzeko asmoz, gogoeta parte hartzailea abiatu dute Hil Arte Bizi egitasmoak, Antzuolako Udalak, Antzuolako Herri Eskolak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Urriaren 2an eta 11n izango dira saioak.

Heriotza "tabua" dela azaldu du Nere Erkiaga Hil Arte Bizi egitasmoko kideak, herritar oro "kamustu" egiten duela, baina funtsezkotzat jotzen du horri aurre egin eta ariketa kolektibo baten bidez, herriko bizitzari "osotasunez" begiratzea. "Herritar bezala heriotzaren aurrean ahalduntzea lortu nahi da".

"Herritar bezala heriotzaren aurrean ahalduntzea lortu nahi da"

Horretarako, gogoeta parte-hartzaile bat egitea da Erkiagaren proposamena, baina ez da bakarrik izango hausnarketaren bidean, lagun izango baititu Antzuolako Udala, Herri Eskola eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldea. Eta baita herritarrak ere, eurengana heltzea baita lehen nahietako bat. "Pilar Etxaniz eta Maria Eugenia Irazabalek talde eragilean hartzen dute parte, euren borondatez. Herriaren ezagutza osoa dutenak dira, eta horri esker, errazagoa da horrelako gai bat Antzuolan lantzea". Hala, bi saio egingo dituzte herritarrekin gaia landu asmoz.

Urrian egingo dira saioak

Urriaren 2an eta 11n –gaztelaniako itzulpena egongo da egun honetan – egingo dira lehen saioak, eta interesatuek batean edo bestean parte hartzeko aukera izango dute; azaroan, berriz, beste bat egitea da asmoa. 18:00etatik 20:00etara egingo da, Olaranen, eta parte hartu nahi izan ezkero, 644 126 091 telefono zenbakira deitu daiteke; hilaren 28a da izena emateko azken eguna. "Irekiak dira, eta modu eroso eta errazean parte hartzaile guztien iritziak jasotzeko moduan egingo da".

Herritarrek, beraz, nolako hilerria nahiko luketen gogoetatuko dute askotariko ereduak hizpide izanda, eta etorkizunekoak nolakoa izan beharko lukeen irudikatuko dute egingo dituzten bi saioetan. Martxoan aurkeztuko dira emaitzak, eta Udalak jasoko du ondutako txostena

Eskolako ikasleekin eginiko urratsak

Hurrengo egunetan egingo dituzte gogoetako lehen urratsak, baina Antzuolako Herri Eskolan dagoeneko hasiak dira gaia lantzen. 1980ko hamarkadan eman zituzten lehen pausoak, heriotza lantzea halabeharrezkoa zela ohartu baitziren irakasleak; eta tartean ziren Pilar Etxaniz eta Maria Eugenia Irazabal talde eragileko kideak.

Ezjakintasunetik hasi ziren lanean, estrategiak lotzen eta materiala biltzen, etor zitezkeen heriotza kasuei erantzuteko asmoz. Protokolo bat ere idatzi zuten, eta espazioak ere sortzen hasi ziren hiltzen zirenei eskaintzeko.

Hilerriaren nolakotasuna

Hilerriaren proiektuari dagokionez, iazko ikasturtean hasi zuten lanketa, orduan 4 urte zituzten haurrekin, heriotza bizitzaren parte ere badela ondorioztatuta. Bizitzaren sorrerarik abiatu, eta haurdunaldia landu zuten; era horretan, jakin zuten badirela jaiotzen ez diren edo hilik jaiotzen diren umeak ere. Eta, tartean, Antzuolako hilerrira egin zuten irteera bat. Hori gogoan izanik, etorkizunekoa irudikatu zuten, nolakoa nahiko luketen irudikatuta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak