Sandra Melero: "Minimalismoaren aldeko hautua egin dut"

Mireia Bikuña 2023ko ira. 8a, 14:00

Sandra Melero, Aitz Garbi tabernan

Jaiotzez katalana da Sandra Melero, baina urte eta erdi dela bizi da Antzuolan. Argazkilaritza zalea da eta bere lehen erakusketa antolatu du Aitz Garbi tabernan. Urriaren 10era arte egongo da ikusgai.

Erretratuak ipini dituzu ikusgai. Nolako argazkiak dira?Askotariko argazkiak dira, gaiari dagokionez. Banaka batzuk
dira Bartzelonan bizi izan nintzen garaikoak, eta beste banaka batzuk, hemen nagoenetik egindakoak. Paisaiak, kaleko argazkiak, Antzuolari egindakoak, Euskal Herrian zehar ateratakoak...

Kaleko argazkigintza egitea gustatzen zaizu.
Hala da. Kalean paseatzen dudanean une bakoitzean ikusten dudanari argazkiak ateratzea gustatzen zait. Jendeari bere egoera naturalean argazkiak ateratzea gustatzen zait. Hiri edo herri handietan erraza da. Baina, Antzuola bezalako herri txikietan, egoera asko zailtzen da. Jendeak argazki kamera batekin ikusten zaitu eta arreta pizten du horrek.

Sentimenduak gauza sinpleekin eta soileko adierazten ahalegintzen naiz

Antzuolan errazagoa da paisaiak ateratzea?
Inguruneak asko laguntzen du. Oro har, hemen, paisaietako argazkiak egiten dira gehienbat. Bada, niri mota horretako argazkiak egitea aspertu egiten nau. Hemen nagoenetik ideiaz aldatu behar izan dut. Argazkigintza minimalistarekin esperimentatzen hasi naiz. Sentimenduak gauza sinpleekin adierazten saiatzen naiz. Argaz ki batek zirrara sorrarazi behar dit, eta paisaiekin zailagoa egiten zait hunkitzea.

Aitz Garbi tabernakoa zure lehen erakusketa da?
Bai, eta oso pozik nago. Aitz Garbik arte bildumen aldeko apustua egiten du taberna apaintzerako orduan. Ugazaben aldetik jaso nuen nire argazkiak erakusteko proposamena eta gonbidapena. Gainera, herritarren aldetik feedback polita jaso dut. Gustura ikusi dutela esan didate askok. Asko betetzen nau horrek.

230.000 biztanle dituen Terrassa (Bartzelona) hiritik zatoz. Aldaketa handia, duda barik.
Bai, oso handia, baina, era berean, oso pozik nago. Nire bizitzako une jakin batean iritsi nintzen Antzuolara, hainbat zirkunstantziagatik. Oso ondo moldatu naiz herrira. Lana daukat eta argazkigintzaz goza dezaket. Herri txikiak kontrako gauzak ditu, baina, aldekoak asko. Ni horiekin geratzen naiz. Familia bat topatu dut hemen, eta ez nuke aldatuko.

Zelan moldatzen zara euskararekin?
Egunerokotasunerako moldatzen naiz euskararekin. Euskaraz ondo hitz egin ahal izatea gustatuko litzaidake, berandu baino lehen. Horretarako, nire ingurukoek asko lagundu didate. Euskaraz hitz egiten duten lagunak ditut, ama hizkuntza dutelako. Eta asko eskertzen didate ikasteko eta praktikatzeko dudan prestasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak