Johanna Sanchez eta Alaitz Jauregi: "Kaleko katuak mantendu nahi ditugu, bideratuta"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko uzt. 24a, 09:23

Johanna Sanchez eta Alaitz Jauregi, Mixi elkarteko kideak.

Animalien Ongizateari buruzko Legea onartzekoa da Espainiako Gobernua, eta horrek eragina du udaletan; kaleko katuen segurtasuna eta osasuna bermatu behar du.

Mixi elkartea sortzeko urratsak egiten dabiltza Johanna Sanchez eta Alaitz Jauregi antzuolarrak, beste bi kiderekin batera. Azaldu dutenez, dagoeneko Udalarekin hitz egin dute, eta, orain, elkartearen parte izateko boluntario bila dabiltza; udazkenean sortuko dute legalki. Horretarako, posta elektroniko helbide bat jarri dute interesa nahi dutenen eskura, eta, hala, parte hartzeko gogoa izanez gero, mixielkartea@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzeko eskaria egin dute.

Katuak hizpide dituen elkarte bat sortu nahian zabiltzate. Zertarako?

Johanna Sanchez: Ni neu ez naiz katuzalea, baina herrian herriko katuak zaindu egin behar direla uste dugu. Gainera, Espainiako Gobernutik datorren Animalien Ongizateari buruzko Legea onartuko da irailaren 29an, etziko hauteskundeek eragina izan dezaketen arren, baina horrek eskumen batzuk ezartzen dizkio Udalari.

Zeintzuk?

J.S.: Jakitea, gutxi gorabehera, Antzuolan zenbat katu dauden, kontrola eramateko eta gehiegizko populaziorik egon ez dadin. Horrez gain, zikiratzea, albaitariarengana eramatea…

Alaitz Jauregi: Elkarteak helburu du zeregin horretan laguntzea. Gu arduratuko ginateke kaleko katu horiek non dauden jakiteaz, zer egin daitekeen pentsatzeaz, baina, horretarako, dirulaguntzak behar ditugu, eta Udalarekin elkarlanean jardun behar dugu. Gure asmoa baita kaleko katuak euren ingurunean mantentzea, baina bideratuta, zainduta.

Hitz egin al duzue dagoeneko Udalarekin?

J.S.: Maiatzean eduki genuen bilera bat, batez ere, galdetzeko ea pentsatuta zeukaten zerbait egitea edo ez lege berria sartzean, eta ezetz esan ziguten. Guk orduan komentatu genien elkartea sortzearen ideia.

Beraz, parte hartu nahi duenak bideratze lanak egingo ditu, ezta?

J.S.: Bai, aipaturiko lana. Eta, gainera, elkarlanean jardun nahi dugu herritarrekin; izan daitezela elkartearen parte. Esate baterako, oporrak hartu aurretik, ume bat jarri zen gurekin harremanetan, eta proposatu nion oporretatik bueltan argazki-kamera batekin herrian dauden katuei argazkiak ateratzeko.

A.J.: Bai, hezkuntzaren puntua ere hor baitago. Erakutsi nahi diegu animaliak nola tratatu, noiz ukitu daitezkeen eta noiz ez… Adibidez, kuriositatetzat, joera dugu katu txikiei esnea ematekoa, baina horrela beherakoa izaten dute, eta hil egiten dira. Esne-hautsa eman behar zaie.

Elkarlanean jarduteko nahia dugu. Borondatez egiten den zerbait da, eta prest gaude gauza ezberdinak egiteko; esate baterako, eskolarekin.

Ba al duzue erreferentziarik?

A.J..: Erreferentziatzat dugu Arrasateko Kaonbi elkartea. Hamazazpi urteko ibilbidea du egina, gutxi gorabehera. Horrez gain, Oñatikoa ere oraintxe sortu da, eta estatutuak-eta eurek pasatu dizkigute. Legazpikoarekin eta Urretxukoarekin harremana ere badugu. Sarea, beraz, badago, eta elkarrekin kudeatzen ditugu kontu gehienak.

Zeintzuk dira hurrengo urratsak?

J.S.: Estatutuak prest ditugu; beraz, oporren ostean elkartuko gara eta izendatuko ditugu zereginak. Diputaziora ere joango gara, elkartea legalki osatzera, eta berriro jarriko gara Udalarekin harremanetan. Enpresetan dirulaguntzak eskatu nahi ditugu bideratu beharrekoak gauzatu ahal izateko. Bagabiltza lanean, eta dei egiten diegu herritarrei parte hartzera; bakoitzak egin dezala ahal duena, ahal duen neurrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak