Udaletako batzordeak eratzeko osoko bilkurak egiten dabiltza azken asteetan, ekainaren 17an herrietako udalbatzak osatu ondoren. Hilaren 6an egin zuten horretarako lehen osoko bilkura Antzuolan datozen lau urteetako udal ordezkariek, eta, aurreko agintaldiarekin alderatuz gero, badira berritasunak: lau batzorde izatetik sei izatera igaroko da Antzuolako Udala.
Lurraldea, Sormena, Ongizatea eta Ogasuna izan dira azken lau urteotan batzordeak, baina, orain, Euskara eta Ingurumena batu zaizkie aurrekoei, Olatz Lezeta Antzuolako alkateak nabarmendu baitzuen bereizita lantzeko bi gai direla. "Euskararen erabilera jaitsi egin da, eta garrantzia eman nahi diogu. Inportantea iruditzen zaigu bakarka lantzea". Orain arte, Sormen batzordean sartu izan da Euskara.
Horrez gain, Ingurumenak ere batzorde propioa izango du, Lurraldean landu baitituzte horrekin lotutako gaiak azken lau urteetan, Hirigintzarekin batera. "Baserritarren gaiak-eta bigarren plano batean gelditzen ziren, beste gai batzuek hartzen zuten lehentasuna; bakoitzari bere garrantzia eman behar zaio", nabarmendu zuen Lezetak, aitortuta batzorde guztiak martxan jarri ahala ikusiko dutela ea banaketa balizkoa den edo ez.
Arduradunak, zehaztuta
Hilabetean behin egingo dira batzordeetako batzarrak, Ingurumenarena izan ezik, bi hilabetean behin elkartuko dira-eta gai horiek lantzeko, aldaketarik izan ezean. Hain justu, Juan Kruz Lizarralde EH Bilduko zinegotziak izango du horren ardura, eta gainontzeko batzordeetakoak ere banatu dituzte.
Hirigintza eta Ogasun batzordeei dagokienez, Aritz Igeltzek izango du gidaritzaren jarduna; alkateordea ere hura da. Euskararena, berriz, Olatz Lezetaren ardurapean egongo da, eta Ongizatearena, Puri Arregirenean. Sormenean lau azpibatzorde osatuko dira: Kulturan, Amaia Azkarate; Hezkuntzan, Inma Beristain; Gazterian, Imanol Lizarralde; eta Kiroletan, Olatz Lezeta.
EAJko kideek ere batzordeetan parte hartzeko asmoa dutela adierazi zuen Josu Xabier Aranguren jeltzaleen bozeramaileak, baina oraindik ez dutela erabaki zein arituko den bakoitzean; sei batzorde izanik, aurreikuspenak aldatu beharko dituztela gaineratu zuen. Alabaina, sei batzorde osatzearen aldeko botoa eman zuten, EH Bilduko ordezkarienarekin batera.
Soldatak eztabaidagai
Sei batzorde sortzearen alde daude guztiak, baina soldatek eztabaida piztu zuten.
Lezetak hiru orduko jarduna izango du, urtean 21.500 euroko soldata gordinarekin. Igeltz, berriz, zortzi ordura arituko da, 54.134 euroko soldatarekin. "Biziki harritu gaitu soldata aurreko alkatetzarekin alderatuta 10.000 euro igotzea", azaldu zuen Arangurenek. Are gehiago, galdetu zuen ea zergatik dauden bi pertsona gidaritzan, eta Lezetak erantzun zuen herriarengatik hartutako erabakia dela. "Uste dugu inportantea dela ardurak bi pertsonaren artean banatzea; gauza gehiago egongo dira". Soldatei dagokienez, berriz, argudiatu zuen Antzuolako EH Bilduk aurreko agintaldiko irizpideak jarraitu dituela: "Beti aurretik datozen soldatak mantentzea".
Irailean hasiko dira Errekaldeko lanak
Errekalde auzoko urbanizazio eta irisgarritasun lanak ere hizpide izan zituzten. Aurreko udalbatzak martxoan eginiko osoko bilkuran onartu zuen proiektua, eta lehiaketara atera zen orduan, pleguak idatzi, onartu eta publikatuta. Eraikuntza- enpresek eskaintza egitea zen hurrengo urratsa, eta bik egin dute. Azkenean, Morga enpresari esleitu zaizkio lanak, egungo udalbatzako ordezkari guztien aldeko botoa jasota. Kontratua sinatzeko dago, baina Aritz Igeltz Antzuolako alkateordeak jakinarazi du enpresako arduradunekin hitz egin dutela eta irailaren 15ean hastekoak direla lanekin; aurreikuspenen arabera, urtarrilaren amaieran bukatuko lirateke.
Egin beharrekoak
Era horretan, biribilgune moduko bat egingo dute errepide nagusiaren albo bietan, eta Lazaretoa eraitsiko dute, aparkalekuak jartzeko. Ordea, Basilio Ormazabal EAJko kideak kezka adierazi du ea zer egin behar den Lazareto atzean dagoen materialarekin. EH Bilduko ordezkariek erantzun dute gaia aztertuko dutela.