Antzuolarrak jaietan murgilduta daude, eta hasi besterik ez da egin. Hala, jaietako bigarren egunean gazteak izango dira benetako protagonistak. Etxeko txikienek jolas parkea izango dute goizez zein arratsaldez; tartean, bazkaria izango da Kalebarrenen. Horrez gain, gaur izango dira kuadrillen artean arrakasta izaten duten kuadrillen arteko jokoak (18:00). Jaietako bigarren eguna borobiltzeko ardura Lisker taldearena izango da.
Seguru aski, biharko eguna izango da jaietako egunik jendetsuena, zapatua. 10:00 aldera, beti bezala, dianak esnatuko du herria, eta, ondoren, Bergarako Musika Bandaren kalejira egongo da. Kalejiraren ondoren, 12:30ean, Enrike Txurrukaren gidaritzapean kontzertua eskainiko du Bergarako Musika Bandak Zurrategin.
Mairu berria
Zapatu arratsaldean etorriko da jaietako hitzordu garrantzitsuenetako bat: alardea. Aurten, Zishan Tariq antzuolarra izango da Antzuolako Alardearen mairua. Juan Carlos Gomezen lekukoa hartuko du, bere burua propio horretarako aurkeztu ondoren. Hau esan zion orain dela hilabete GOIENAri: "Lagun batek esan zidan mairua falta zela, eta apuntatzeko. Eta animatu egin nintzen". Gauean, hiru hamarkada antzuolarrak gozarazten daraman Arabako Joselu Anaiak taldearen kontzertua izango da Herriko Plazan (22:45).
Azken egunean ere egongo da non gozatu, hilaren 16an. 12:30ean, Tierra De Mis Amores mariatxi taldeak ikuskizuna eskainiko du Herriko Plazan. Ondoren, jaiak borobiltzeko, Ez Dot Moztuko Bizarra taldeak antolatuta, herri bazkaria egingo da elizpean. Bazkalostea girotzeko ardura Garazi Barrenak eta Asier Salak izango dute. Gauean, hontzaren igoerarekin amaituko dira 2023ko Antzuolako jaiak.
Txosnagunean, kontzertu gehiago
Azken urteetan baino kontzertu gehiago izango dira aurten txosnagunean. Atzo ireki zuten, arratsaldeko zazpietan, eta hiru egunez askotariko musika estiloez gozatzeko aukera egongo da. Atzo, Xugux taldeak eskaini zuen kontzertua, eta, ostean, Janire Garitanok eta Irati Lizarraldek jokoak eta zumba saioa eskaini zizkieten han batutakoei. Gaur, baina, talde gehiago izango dira txosnaguneko oholtza gainean: 21:30ean hasita, Rodeo, Trini Fox eta Letagin musika taldeak izango dira antzuolarrak gozarazten, eta, ondoren, Emaion erromeria-taldea igoko da oholtza gainera.
Seguraski, zapatua izango da egunik jendetsuena txosnagunean. Eta Jai Batzordea horren jakitun, egitarau mardula prestatu du jaien hirugarren egunerako. 22:00etan hasita, No Limits, Añube eta Eten taldeen kontzertuak egongo dira eta, ondoren, DJ Tintz-ek egingo du erakustaldia. Jaietako azkenengo eguna Skapaie elektrotxarangaren eskutik hasiko da, goizeko zazpietan, eta Elene eta Maddi izango dira jaiei amaiera emango dietenak, gauean, kontzertu akustikoa eginda.
Bi berritasun nagusi
Bi berritasun nagusi izango ditu aurten txosnaguneak. Azken urteetan ez bezala, Jai Batzordeak txosna bakarra izango du, baina aurreko urteetan izandakoa baino handiagoa izango da. Jai Batzordetik azaldu dute horrek antolakuntza hobea ekarriko duela. Horrez gain, azken urteetan txosnan lan egiteko eta bertan antolatzen diren ekimenetan laguntzeko prest egoten den jende kopurua jaitsi egin da. Beste berritasun nagusia ordaintzeko metodoa izango da. Ohikoena den diru metodoa alde batera utzi eta txartelak erabiliko dituzte txosnagunean, ordaintzeko elementu gisa. Txosnagune alboan izango da txartelak erosteko leihatila. Era berean, Jai Batzordeak aditzera eman du ez dela inolako erasorik onartuko Txosnagunean, ez eta inon.
Egitaraua, txosnagunean:
- Egubakoitza, uztailaren 14a
- 22:00etatik aurrera: Rodeo, Trini Fox eta Letagin taldeen kontzertuak
- Zapatua, uztailaren 15a
- 2o:30 Skapaie elektrotxarangarekin kalejira
- 23:00etatik aurrera: No Limits, eta Eten taldeen kontzertuak. Ondoren DJ Tintz
- Domeka, uztailaren 16a
- 07:00 Skapaie elektrotxaranga
- 21:00 Elene eta Maddiren kontzertu akustikoa, Txosnagunean