Euskal dantzak, jaien hasierako ekitaldi

Miren Arana Pagaldai 2023ko uzt. 10a, 10:00

2022ko Antzuolako jaietan egindako ikurrin dantza.

Oinarin taldeko gazteenek egingo dute Antzuolako jaien irekierako ekitaldia; eta udalbatzako zazpi kidek hartuko dute euren lekukoa horren ostean, soka dantza dantzatuz. Oinarin taldeak berak erakutsi die zinegotziei dantza

Beste behin, euskal dantzek emango diete hasiera Antzuolako jaiei. Uztailaren 13an hasiko dira festak, eta, urtero bezala, Oinarin taldeko gazteenek egindako ikurrin dantza izango da eguneko lehenengo ekitaldia; hain zuzen, 12:30ean izango da ikuskizuna, eta 8 eta 11 urte bitarteko 41 umek beteko dute plaza dantzan. Haurrek dantza amaitu bezain laster botatzen da jaien hasiera adierazten duen txupinazoa, eta zinegotzien txanda iritsiko da ostean: tradizioari jarraiki, udalbatza berriko zazpi kidek soka dantza dantzatuko dute plazan.

Lehenengo aldiak

Kurtsoari amaiera emango diote haurrek jaietako ekitaldiarekin, eta dantzetan hasiberriak diren umeak arduratuko dira hori aurrera eramateaz; batzuek Haur Dantzarien Egunean eta Aratusteetan dantzatu duten arren, askorentzat jendaurrean dantza egingo duten lehenengo aldia izango da. Honela adierazi du Oinarin taldeko kide Ion Lizarazuk: "Taldeko gazteenak aritzen dira plazan, normalean; jendaurrean dantza egiten duten lehenengo aldia da, gehienena, behintzat, eta horrek beti sortzen du inpresioa".

Jaietako hasiera ikuskizun "jendetsua" izan ohi da, dantzariaren hitzetan: "Haurren familiakoak eta lagunak batzen dira dantza ikusteko, eta herritar asko elkartzen dira txupinazoa eta osteko zinegotzien soka dantza ikustera ere".

Zinegotziak dantzan

Udalbatzako zazpi kidek hartuko dute txupinazoaren ondoren umeen lekukoa: EH Bilduko bost zinegotzik eta EAJko beste bik dantzatuko dute aurtengo soka dantza. Antzuolako alkate Olatz Lezetak adierazi du ekainaren 6tik asteartero entseatzen dutela, eta "posible" duten heinean entsegu guztietara joaten direla: "Jendaurrean dantzan arituko garen lehenengo aldia izango da, eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara".

Plazan jendaurrean dantzatzeari "errespetua" diotela ere badio alkateak: "Propioa ez den esparru batean herri osoaren aurrera irteteak errespetua sorrarazten dit; hala ere, ondo irtetea eta gustura gelditzea espero dut".

Eskerrak Oinarini

"Eskerrak Oinarini, bestela ezinezkoa litzateke", dio Olatz Lezetak, "pazientziarekin" pauso guztiak erakutsi baitizkio Oinarin dantza taldeko kide batek. Antzuolako dantza taldeko Ion Lizarazu izan da "pazientziadun" irakasle hori; haren hitzetan, "entsegu dezente" egin dituzte eta "konpromisoz" hartu dute dantza. Hartara, Oinarineko dantzariak plazan dantza egiteko "ongi eta prest" ikusten ditu zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak