Uztailaren 11tik 18ra bitartean, debekatuta egongo da ibilgailuak Herriko Plazan, eskolaren aurrealdean eta Sagasti auzoan aparkatzea; lehen ataritik pilotalekuaren ondoreneraino, hain justu. Horrez gainera, jaiek iraun artean, trafikoa ere mugatuta egongo da. Hala, Kalebarrenetik –zubia barne– Buztinzuriko 15. atariraino ezingo da autoarekin igaro; ezta Sagastiko lehen ataritik frontoi osteraino ere.
Hondakinen zerbitzua
Hondakinen zerbitzuan ere eragina izango dute jaiek. Traste zaharrak, adibidez, eguaztenean atera beharko dira, ohiko ordutegian. Egubakoitzean, berriz, ontzi arinen txanda izango da; zapatuan, organikoarena; eta, domekan, errefusarena. 09:00etatik 12:00etara artekoa izango da ordutegia.
Edozelan ere, badaezpada, Sanjosepeko larrialdi gunean organikoaren eta ontzi arinen edukiontziak jarriko dira, eta Ondarrerako bidean, berriz, beirarena.
Beste ohar batzuk
Trafikoaren eta hondakinen berri emateaz gainera, Udaletik jakinarazi dute egueneko herri afarian ez dagoela izena eman beharrik, baina egubakoitzeko herri bazkarirako txartela hartu behar dela. Horretarako azken eguna gaur da, liburutegian edo udaletxean.