Herriko jaietako egubakoitzean egin izan da pilota jaialdia urtetan, baina astebete aurreratzeko erabakia hartu zuten iaz, eta aurten ere horrela egitea erabaki du Olalde pilota elkarteak.
18:30ean hasiko da jaialdia, eta bi partida jokatuko dira, udal pilotalekuan. Nagore eta Leire Galeano ahizpa antzuolarrek osatutako bikoteak aurkari izango ditu Natale Aranburu eta Olatz Insausti pilotariak. Hain justu, Insausti ere antzuolarra da.
Lehen partida amaitzean hasiko da bigarrena, eta antzuolarrak izango dira protagonistetako batzuk, Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi herrikideak arituko baitira pilotan Ander Muruaren eta Aitor Elizegiren aurka.
Doan da sarrera
Zortzi pilotarietatik bost, beraz, herritarrak izango dira, eta, gainera, sarrera librea izango da; doan. Are gehiago, elkarteak azpimarratu du bidelagun izan dituela Antzuolako Udala, Erreka Taldea eta Goizper Taldea.