Herriko nagusi biri eta jaioberriei aitortza

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko uzt. 10a, 16:00

Iazko ekitaldian, gurasoa haurrari zapia jartzen.

90 urte bete berritan, Pako Legorburu omenduko dute eguenean; 94 urte dituen Carmen Moureri ere zapi berria jarriko diote udal ordezkariek; eta 2022ko herriko jaietatik 2023ko jaietara jaiotako hamaika haurtxoei ongietorria egingo diete. 

Beste urte batez, Antzuolako jaien bueltan, herriko nagusi biri eta 2022ko eta 2023ko jaien artean jaiotakoei aitortza eta omenaldia egingo diete Herriko Plazan, udaletxearen atarian. Dagoeneko herrian errotua dagoen ekitaldia da, batzuek zein besteek gustura hartzen dutena. Ekitaldia uztailaren 13an izango da, eguena, 19:45ean, Herriko Plazan. Hala, 90 urte egin berritan, Pako Legorburu antzuolarra omenduko dute. Legorbururekin batera aitortza jasoko du Carmen Mourek. Biek gustu handiz jaso dute Udalaren proposamena.

Pako Legorburu jaiotzez Antzuolako Ugarte Torre baserrikoa da. 90 urte ditu eta betidanik bizi izan da Antzuolan. Omenaldi xumea izan arren, momentu polita izaten da, eta aurten ere jendea bilduko da udaletxeko atarian. Jone Larrañaga Antzuolako Udaleko Kultura teknikaria da, eta azaldu du ekitaldia "errepikakorra" ez izateko urtero pertsona ezberdinei egiten dietela omenaldia. Pako Legorbururen kasuan, ez da herrian urte gehien dituen pertsona, baina dagoeneko adineko beste askori omenaldia egin izan diete, eta aurten hari proposamena egitea erabaki dutela azaldu du Larrañagak.

Carmen Moure 70eko hamarkadan iritsi zen Antzuolara, Galiziatik, eta haziak Pontevedran eta Coruñan ditu. 94 urte ditu, 1929ko urrikoa baita, eta bizitza ia osoa egin du Antzuolan. Familiaren hitzetan, Moure oso "eskertuta" dago Antzuolako Udalak egin dion proposamenagatik, eta, Legorburuk bezala, gogo "handiz" jaso du ekitaldira joateko gonbidapena. Aspalditik Errekalde auzoan bizi dira, eta familiak azaldu du Mourek Antzuolan garatu duela bere bizitza-proiektua. Iaz, berriz, 90 urteko langa gainditu zuten Maria Luisa Mendizabali eta Vitaliano Fernandezi egin zieten omenaldia udal ordezkariek.

Hamaika jaioberri

2022ko jaietatik 2023ko jaietara bitartean hamaika haur jaio dira, eta haiei zapia jarriko diete Antzuolako Udaleko zinegotziek Herriko Plazan. Aurtengo zapia berdea da, eta, beti bezala, Oier Peñagarikano antzuolarra arduratu da diseinua egiteaz. Larrañagak xehetasun gehiago eman ditu: "Iazkoaren antzekoa da, baina aldaketa txiki batzuk ditu". Berdea da, eta, urtero moduan, Antzuolako jaixak leloa eramango du. Hain zuzen ere, herriko tabernetan 3 euroren truke egongo da salgai. Horrela, guztia prest dago astebete barru nagusi biri zein etxeko txikienei merezi duten omenaldi xumea egiteko. Horrenbestez, has dadila festa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak