Aisia hezitzailea hizpide, hastear dira Antzuolako udalekuak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko uzt. 3a, 09:00

Antzuolako udalekuetako azken eguneko ikuskizuna, 2019an. Irudia: Aitor Agiriano.

Gaur hasi eta uztailaren 21era arte iraungo dute udalekuek. Programazio-bilerak egin dituzte hezitzaileek, eta prest dituzte ekintzak. Halere, umeen proposamenak ere jasoko dituzte. Euskara, hezkidetza, natura eta haurren autonomia izango dira oinarri.

Uztaileko lehen astelehena iristearekin batera hasi ohi dira Antzuolako udalekuak, eta horrela izango da aurten ere, gaur ekingo baitiote festari. Aurreko aldiekin alderatuz gero, ordea, badira berritasun batzuk: aurreko urteetan ez bezala, 4 urteko haurrek parte hartzeko aukera izango dute, eta, gainera, lehen aldiz, herriko jaien ondoren udalekuak izango dira astebetez. Uztailaren 21ean amaituko dira.

"Idolaz aisialdi taldea bildu zen hasierako urratsak egiteko, eta, ondoren, formakuntza-saio bat egin genuen. Baita bi programazio-bilera ere"

Zumaia Elkoro antzuolarra arituko da koordinatzaile lanetan, eta nabarmendu du dagoeneko prest dituztela udalekuak: "Bilerak egin ditugu. Idolaz aisialdi taldea bildu zen hasierako urratsak egiteko, eta, ondoren, udalekuetan arituko zirenen lantaldea osatuta, formakuntza-saio bat egin genuen. Baita bi programazio-bilera ere, ekintza-egunak zehazteko".

Hain justu, aurten, hemeretzi begirale arituko dira lanean, koordinatzaileaz gain, eta 162 haurrek eman dute izena. 09:30ean hasiko dira, eta 13:00ak arte izango dute ekintzez gozatzeko aukera.

Egitarauan aldaketa gutxi

Jolasari garrantzia emanda, urtero antolatu ohi dituzten antzeko udalekuak izango direla adierazi du Elkorok, eta ekintzetan ere ez dela "berritasun handirik" izango, sorpresaren bat edo beste tarteko. "Gauza berriak probatzea gustatzen zaigu. Aurten, egun berri komun bat antolatu dugu, hainbat ekintza eta probarekin. Baina ez dut gehiagorik esango…".

"Gauza berriak probatzea gustatzen zaigu. Aurten, egun berri komun bat dugu. Baina ez dut gehiagorik esango..."

Hala ere, gaineratu du programazioa eginda duten arren haurrei hitza emango dietela zer eta nola egin nahi duten jakiteko. Horretarako, lehen egunean ideiak jasotzeko zerrenda bat osatuko dute, eta, ostean, hezitzaileak arduratuko dira jasotakoak egunen arabera antolatzeaz. Alabaina, aitortu du batzuetan "zaila" izaten dela haur guztien nahiak betetzea, eta, beraz, oreka bilatu behar izaten dutela.

Hitza emateko nahia

Hezitzaile taldeko gazteek argi baitute haurrei hitza eman beharra dagoela, euren nahiak bazter gera ez daitezen. "Uste dugu umeak botere puntu batetik tratatzen direla, euren ikuspegia kontuan hartu gabe. Guk haiek erdigunean jarri nahi izaten ditugu, eta ohartarazi euren iritzia era balizkoa dela". Haien arabera, udalekutako protagonistak haurrak baitira.

Proposatutako zein programatutako ekintza horiek guztiak, ordea, ondo hausnartuak izango dira, aisia hezitzailea baitute oinarri, eta, horretarako, zenbait helburu dituzte zehaztuta: "Euskararen erabilera sustatu nahi dugu, hezkidetza bultzatu nahi dugu, eta baita naturaren zaintza ere. Haurren autonomian ere arreta jarriko dugu, eta baita elkar zaintzan eta tratu onak sustatzean ere". Are gehiago, parte-hartzaileak antzuolarrak izanik eta udalekuak ere Antzuolan eginik, herriaren ondarea ezagutzeko ekintzak ere egingo dituzte.

"Euskararen erabilera sustatu nahi dugu, hezkidetza bultzatu nahi dugu, eta baita naturaren zaintza ere. Haurren autonomian ere arreta jarriko dugu"

Astebete gehiago

Aurten, gainera, astebete luzatuko dira udalekuak. Orain arte, uztaileko lehen astelehenetik jaien hasierara arte egin izan dira, baina, oraingoan, guraso batzuen eskaerari erantzun nahian, uztailaren 21era arte egingo dira. "Pausoka guraso elkarteak udalekuak luzatzeko eskakizuna egin zigun, eta, lantaldean komentatu ostean, luzatzea erabaki zen. Hortaz, jaien ostean beste bost egunez ibiliko gara kaleak alaitzen".

Horrez gain, 4 urte dituzten haurrek parte har dezaten eskaria ere egin dute, eta, lehen aldiz, horrela izango da. Haiek ere udalekuetan hiru astez egoteko aukera izango dute.

Hala, Elkorok espero du umeek une on batez gozatzea. "Gogoz hartzen ditugu etorriko diren hiru aste hauek. Atzetik lan asko dagoen arren, lan polita da eta giro paregabea sortzen da. Beraz, ea haurrek ere esperientzia onak bizi izaten dituzten eta asko ikasten duten gurekin; guk eurekin bezainbeste".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak