Gradu amaierako euskarazko bi proiektu saritu ditu MUk

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko eka. 19a, 15:35

Mondragon Unibertsitateak eta Korporazioak gaur banatu dituzte sariak.

Mondragon Korporazioarekin batera, Ianire Rabanete Gonzalez eta Ainhoa Sarasola Olano ikasleen lanak izan dira hautatuak.

Ulma Packaging mekanizazio-tailerrean 5S garapena eta ezarpena izenpean, 1.500 euroko saria eskuratu du Rabanetek; lehena. Industria Antolakuntzako Ingeniaritzako graduko ikaslea da, eta Ulma Packaging-en garatu du proiektua. Sarasolak, berriz, Multzo magnetikoen karakterizazio postuaren definizioa lanarekin, 500 euroko saria eskuratu du; bigarrena. Ingeniaritza Mekanikoko graduko ikaslea da, eta Orkli enpresarentzat landu du proiektua.

Era honetan, Korporazioak helburu du MUko ikasleek euskaraz egitea euren gradu amaierako lanak. Hain justu, duela 11 urte sortu zuen ekimena Euskara Batzordeak.

Euskarazko lanak

Emandako datuen arabera, 843 proiektu garatu dituzte aurten MUn, eta horietatik 280 izan dira euskaraz; %33,2. Mondragoneko kooperatibetan, berriz, 224 proiektu landu dituzte ikasleek, eta horietatik 62 egin dituzte euskaraz: %27,7.

Epaimahaiak azaldu duenez, aurkeztutako proiektu guztiek "maila tekniko handia" dute, eta "euskaraz ongien idatzitakoak" izan dira sarituak. Hain justu, zazpi kidek osatu dute epaimahaia: Eneko Bidegain eta Asier Irizar, HUHEZIko irakasleak; Rafael Altuna eta Miriam Leibar, Enpresagintza fakultatekoak; Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga, Goi Eskola Politeknikokoak; eta Ander Etxeberriak, Mondragon Korporazioko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak