Zorionak! Espero al zenuen garaipenik?
Txapelketan lau kategoria daude: lehenengoa, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena. Eta adinaren araberako bat ere bada: 60tik 70era, beteranoak; eta 70etik gorakoak, super beteranoak. Bada, hor irabazi nuen, eta lehiakide izan nuen Jesus Mari Garralda; oso tiratzaile ona da, Zaragozakoa, baina bigarren egin zuen, lau plater kendu bainizkion. Gustura nago.
25 platereko hiru txanda jokatu zenituen. 21 asmatu zenituen lehen bietan eta 24 hirugarrenean. Guztira, 66 puntu. Punteria edukia behar da gero! Edo zer?
Kontzentrazioa eduki behar da, zentratuta egon beharra dago, eta entrenamendua ere garrantzitsua da plater asko asmatzeko. Ez da ferian karabinarekin tiro bat botatzea; gai serioa da. Zailtasuna izaten da.
Hobi txiki modalitatean aritu zara. Zer du horrek berezi?
Hiru direkziotan doala platera. Hobi unibertsala ere badago: bost norabide ditu; eta olinpikoak, hamabost.
Noranzkoak dira hiru norabide horiek?
Makinak hiru direkziotan ateratzen ditu platerak: ezkerra, eskuina eta erdia. Ez da jakinekoa platera nondik aterako den; eta, zailena, askotan, erdikoa izaten da, ezkerrera edo eskuinera egon ohi baikara adi.
Eta hori lainoarekin zailagoa izango da, ezta?
Bai, horrek eragina izaten du, platera ikustea zailagoa baita. Txapelketan, esate baterako, lehenengo orduak lainotuak izan ziren. Baina tira... Kale egiten denean aitzakiaren bat bilatu behar da, eta horrelakoak bilatzen ditugu!
Entrenamenduaren beharra ere aipatu duzu. Noiztik zabiltza?
Urteak daramatzat; afizionatua naiz. Entrenatzera joatean, gainera, lagun onekin elkartzen gara; betikoak. Kafe bat hartzen dugu, elkarrekin egoteko aprobetxatu… Lehiaketari dagokionez, lehiaketa izaten jarraitzen du.
Antzuolara eginda, nolako zaletasuna dago?
Sasoi batean, Bergaran handia izan zen. Oso tiratzaile onak egon ziren, baina gaur egun gutxiago dira. Orain, esate baterako, Antzuolan, San Martzialerako gabiltza paperak-eta egiten, tirada txiki bat egiten delako. 60 urte daramatzagu horretan, eta ezagutzen dugu prozesua nolakoa den, baina zailtasunak ditugu. Beraz, lehen herri guztietan egiten zen arren tiraketa, orain gutxiagotan egiten da.
San Martzialeko kasuan, hogei lagun biltzen gara; lokalak, antzuolarrak. Tirada egiten dugu, gero dena elkarrekin garbitzen dugu, eta merienda. Taldean gustura ibiltzea da kontua. Uztailaren 1ean izango da aurten.
Hala ere, mantentzen da?
Galdu den arren, bai. Euskal Herrian oso tiratzaile onak daude, baina egia da Arabatik beherantz eginez gero gorantz doala, hemen baino nabarmenagoa dela. Baina garestitu ere egin da. Beraz, zein gazte hasiko da orain dauden prezioekin kartutxoak-eta erosten? Edo eskopeta bat?