San Isidroko ospakizun betea izan dute antzuolarrek

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mai. 13a, 19:34

Egunaren hasieran eguraldiak lagundu ez duen arren, antzuolarrak ez dute San Isidroko azoka galdu nahi izan. Herriko zein kanpoko ekoizleen produktuak ikusi, erosi eta dastatzeko aukera egon da. Ganaduak ere ez du hutsik egin herriko plazan, eta herri kiroletako ikuskizunak ere jende ugari batu du.

San Isidro eguna maiatzaren 15ean da, baina ohikoa den bezala, Antzuolan hurrenen duen zapatuan ospatu dute egun hori. Eurtik hasi du egunak Antzuolan eta dena gertu zegoen herrian egunaz gozatzeko, herritarrak, ordea, eguraldia baretzearekin bat eki diote kaleetan barrena ibiltzeari. Goiztiarrenek, goizeko 09:00etatik izan dute azokarekin gozatzeko aukera. Antzuolako ekoizleez gain, kanpotik etorritako beste hamasei ekoizle izan dira, euren produktuak saltzen. Tartean, eskulanak, bitxiak eta arropak; eta jan-edanerako aukera ere egon da, besteak beste, taloak, pastelak eta hestebeteak.

Euskal Herri osotik etorritako ekoizleak egon dira eta denak ere "pozik" zeuden Antzuolan egotearekin. Herriko ekoizleetako bat da Elvira Quintana, bera artisau lanetan aritzen da eta gaur eguraldiak askorik lagundu ez duen arren "jai giro polita" sortu dela adierazi du. Josu Odriozola ere antzuolarra da eta sagardoa dastatzeko aukera eman dute gaur: "Guk egiten duguna erakutsi eta jendeari dastatzeko aukera eman nahi genion". Seguratik etorri da gazta saltzera Josu Etxezarreta. Lehen aldia zuen Antzuolan eta errepikatzeko moduko esperientzia izan du: "Oso inpresio ona izan dut. Ekarritako guztia saldu dugu eguerdirako, beraz, pozik goaz".

Herritarrak sagardoa dastatzen. Argazkia: Jokin Larrañaga

Erosketak egin eta jana dastatu bitartean, herriko plazan, denetariko animaliak ikusteko aukera egon da. Bertako baserrietatik jaitsi dituzte, ardiak, behorrak, pottokak eta behi eskoziarrak. Beti bezala, herritarren ikusmina piztu dute animalia hauek.

Herri Kirolen erakustaldia

Zurrategi plazara ere jende andana gerturatu da herri kirolen erakustaldia ikustera. Alde batetik Karmele Gisasola mallabiarra aritu da harria jasotzen; bestetik, Ugaitz Mugertza mutrikuarrak eta Jon Rekondo leitzarrak, aizkoran neurtu dituzte indarrak. Hasieran euripean aritu diren arren, erakustaldi entretenigarria eman dute hiru kirolariek. Jendearen babesa izan dute uneoro eta hori eskertu egin du Mugertzak: "Herri batzuetan tokatu daiteke jende gutxiago aritzea, baina gaurkoan, hemen, giro polita egon da eta barruan gaudenok eskertu egiten dugu hori".

Ugaitz Mugertza aizkoran. Argazkia: Jokin Larrañaga

Herri bazkaria

Goizeko bueltatxoarekin gosea eginda iritsi dira herritarrak ikastolako patioan antolatu duten herri bazkarira. 100 lagunen bueltan batu dira eta jan-edan ederra izan dute Txomin Parrila enpresaren eskutik. Nagusiek entsalada eta oilaskoa izan dute jatekoa eta gaztetxoenek, berriz, hanburgesak eta saltxitxak;Sukaldariak gustura hartu dute Antzuolako gonbita. "Lehen aldiz etorri gara feria honetara eta oso giro ona aurkitu dugu" dio Iñaki Guerrero Txomin Parrillako kideak.

Egitarau betea

Eguna ordea ez da bazakriarekin amaituko, arratsalde zein gauean ere ekintzak egongo direlako San Isidro egunaren bueltan. Arratsaldean, 18:00etan hasita, Olalde pilota elkarteak antolatutako San Isidro txapelketako finalak jokatzen ari dira. Benjamin eta alebinetan, Amaiur Landak eta Irati Bengoetxeak eta Uxue Gomezek eta Alize Sagarduik osatutako bikoteak iritsi dira finalera. infantiletan eta kadeteetan, Nahia Sorondo eta Arhane Rey eta Ainhitze Saez de Viteri eta Irati Betegi. Horrez gain, txapelketatik kanpo, Nagore Galeano eta Olatz Insausti herritarren arteko partida izango da. Eguna amaitzeko, Puro Relajo taldeak, kontzertua eskainiko du herriko plazan, gaueko 22:30etan hasita.

 

Erlazionatuak

San Isidro azokako irudiak

Iñigo Barrena Kortabarria 2023 mai 13 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak