Garaira egokitu da San Isidro feria

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mai. 12a, 10:23
Maiatzaren 15a da San Isidro eguna, baina gertuen den zapatuan egiten da feria Antzuolan; iaz, maiatzaren 14an. Argazkia: Imanol Soriano.

Bihar ospatuko dute San Isidro azoka, eta Antzuolako Udalak egun osorako egitaraua antolatu du. Baserrietako astoak, ardiak, behorrak, pottokak eta behiak izango dira; baita bertako ekoizleen produktuak ere. Herri bazkaria eta kontzertua ere egingo dira.

Kalean lan eta baserrian jai izaten zen garai batean San Isidro eguna. Meza nagusia eta prozesioa egiten zituzten, Errukizko Amaren Parrokian dagoen San Isidro santua baitzeramaten gainean. Komisioko kideek zuten horren ardura, eta txandakatuz antolatzen ziren, auzoen artean; haietako bakoitzak ermandade bat zuen. Bazkaria etxeetan egiten zuten, berezia, eta arratsaldean, feria antolatzen zuten, goizean oinez kalera eramandako animaliekin. Tratanteak izaten ziren, ezaguna baitzen feria; idi probak ere egiten zituzten, eta aizkoran edo pilota jokoan ere aritzen ziren. Ez zen aspertzeko aukerarik; erromeria ere egiten baitzuten pilotalekuan.

San Isidro eguneko feria, 1945ean, frontoi inguruan; ordu hartan, zuhaitzez josia. Argazkia: Irinmodo.

Aldi guztiak, ordea, ez dira berberak. Ordu hartan, industriak ez zuen aski indar inguruotan, eta gehiago ziren lehen sektorean aritzen ziren herritarrak; alabaina, bere garapenarekin batera, beherantz egin zuen baserri inguruko jardunak pixkanaka, gaur egun ere baden arren horretan aritzen denik herrian, hala nola gazta ekoizpenean, behi okelaren sustapenean eta barazki ekologikoenean. Alabaina, jatorrizkoarekin alderatu ezkero, egungo azokak badu kutsu folklorikoagoa. Ganadu, artisautza eta janari saltzaileak izaten dira, eta aurtengoan ere hala izango da.

Maiatzaren 15a da San Isidro eguna, baina, ohi den moduan, hurrenen duen zapatuan ospatuko dute; bihar.

Animaliak eta ekoizleak

Iruetxeta, Aitzaga eta Iralatorre baserrietatik, astoak eramango dituzte baserritarrek azokara; Altzetatik, ardiak eta behorrak jaitsiko dituzte kalera; Arreluzandi baserritik eta Irumendi elkartetik ere, behorrak; eta Lamariano baserrikoek ardiak, pottokak eta behi eskoziarrak izango dituzte ferian. Halere, Antzuolako Udaletik jakinarazi dute ez dela jakinekoa zenbat buru izango den bakoitzetik.

Animaliez gain, azokan erakusmahaiak ere izango dira. Antzuolatik kanpoko hamasei saltzaile izango dira; besteak beste, eskulanak, bitxiak eta arropak izango dituzte salgai goizean egingo den azokan, eta jan-edanerako aukera ere izango da; taloak, pastelak eta hestebeteak, esate baterako.

Halere, bertako ekoizleen produktuak ere izango dira salgai; herritarrenak. Cristina Moraisek eta Elvira Quintanak euren eskulanak izango dituzte; hari lanak ere ikusgai egongo dira, astelehenetan propio horretarako gelditzen diren herriko emakumeek eginikoak; ilustrazioan, Itziar Murgizu eta Ione Larrañagaren lanak izango dira. Horrez gain, lau gazta saltzaile ere egongo dira: Txomin Etxezarreta, Pikunieta, Amatxo eta Jean Mattite Duhalde –aihertarra da–. Bizkalatzako sagardoa ere egongo da.

Anelkar eta Andramanuelak elkarteek ere erakusmahai bana izango dute. Eta, gainera, emakume taldeko kideek jakinarazi dute kaleratu berri dituzten kamisetak eta poltsak eskuratzeko aukera izango dela; are gehiago, aurrez erreserba eginda zutenek bertan jaso ahal izango dute.

09:00etatik aurrera

Horretaz guztiaz gozatzeko aukera izango da goizeko bederatzietatik aurrera, orduan egingo baitute azoka eguerdira arte. Txistularien eta trikitilarien kalejira ere izango da, 12:00etan, eta, ordu erdi geroago, herri kirolen erakustaldia, Zurrategi plazan. Karmele Gisasola mallabitarra harria jasotzen arituko da, eta alboan izango ditu Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Jon Rekondo leitzarra, aizkoran. 14:30ean, herri bazkaria egingo da eskolako patioan, eta 17:00etan, umeentzako jolas erraldoiak, herriko plazan. Arratsaldeko seietan, berriz, San Isidro pilota txapelketako finalak jokatuko dira udal pilotalekuan, eta 22:30ean Puro Relajo taldearen kontzertua izango da.

Ekintzei, ordea, gaur ekingo diete, Antzuolako Udalak bertso jaialdia antolatu baitu 22:00etarako, Torresoroa aretoan. Bibe plataforman har daitezke sarrerak, baina baita unean ere. Ane Zuazubiskar, Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Agin Laburu eta Aitor Bizkarra bertsolariak arituko dira bertsotan, eta Jon Mata antzuolarrak izango du gaiak jartzeko ardura. Azaldu duenez, askotariko ariketek osatuko dute gaurko bertso saioa, eta gaietan ere ertz asko ukituko dituzte, gaurkotasunarekin zein gertaera zehatzekin lotutakoak, hala nola ofizioka, koplaka eta bakarka arituz. Are gehiago, jolaserako ariketak ere izango dira, publikoarekin hartu-emana izateko eta umoreari bide emateko.

San Isidro pilota txapelketa

Olalde pilota elkarteak martxoaren 19an hasi zuen San Isidro pilota txapelketa, eta bihar izango dira finalak, 18:00etan. Benjamin eta alebinetan, Amaiur Landak eta Irati Bengoetxeak eta Uxue Gomezek eta Alize Sagarduik osatutako bikoteak igaro dira finalera; infantiletan eta kadeteetan, Nahia Sorondo eta Arhane Rey eta Ainhitze Saez de Viteri eta Irati Betegi. Horrez gain, txapelketatik kanpo, Nagore Galeano eta Olatz Insausti herritarren arteko partida izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak