Miren Gallastegi: "Igande arratsalde luze honetatik atera nahiko nuke Antzuola"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mai. 14a, 07:00

Miren Gallastegi Antzuolako PSE-EEren alkategaia, herriko plazan.

Hirugarren aldiz izango da Miren Gallastegi (Eibar, 1961) Antzuolako PSE-EEren alkategaia maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. Abokatua da, eta azaldu du gaztetatik ari dela "langile klasearen eskubideen aldeko defentsan", UGT sindikatuan eta PSE-EE alderdian. Legebiltzarkidea ere bada, eta "harro" sentitzen da "Antzuolako bizilagunen ordezkari" izateagatik, uste baitu horrek irakasten duela "eskubideak eta zerbitzuak ez direla ezerezetik" sortzen, baizik eta "ahaleginetik eta konpromisotik".

Hirugarren aldiz izango zara alkategai. Izan al duzu zalantzarik?

Ez zait kostatu erabakia hartzea. Politika ulertzeko dudan modua da, nire konpromisoa alderdiarekin eta herritarrekin.

Nolakoak izan dira azken zortzi urteak Antzuolan?

Urte zailak izan dira. Nork esango zigun 2019an mundu mailako pandemia bat biziko genuela? Nork pentsatuko zuen gerra Europako ateetara itzuliko zela? Koronabirusaren hedapenak eta Ukrainaren inbasioak gure herriaren ekonomian eragina izan dute. Eta zoritxarrez, udal gobernuak ez du jakin egoerak eskatzen duen mailan egoten. Geldirik egon da, despistatuta, begiradarik gabe. Erakutsi dute beren kudeaketa-eremua oso kontserbadorea dela, nahiz eta oso ezkerrekoak izan.

"Udal gobernuak ez du jakin egoerak eskatzen duen mailan egoten. Geldirik egon da, despistatuta, begiradarik gabe"

Zein da udaleko kideekin duzun harremana?

Politikan, bizitzako ia arlo guztietan bezala, harreman pertsonala –oso adeitsua izan da– eta harreman politikoa –talde bakoitza bere ideiak defendatzen saiatzen da– bereizten jakin behar da. Horretan datza joko demokratikoa. Zorionez, orain Euskadin politikariok ditugun arma bakarrak hitza eta gure ideien irmotasuna dira.

Ba al duzu bertigorik?

Bertigoa? Politikan beteranoa naiz eta denetik bizitzea egokitu zait. Une onak; esate baterako, Legebiltzarretik lehendakari sozialista bat babestea; baina baita oso une gogorrak ere, ankerkeriaz eraildako kide sozialisten familiei laguntzea.

Eta zerk erakartzen zaitu?

Udal hauteskundeetara aurkezten duen beste edonori bezala, gehien erakartzen nau herritarren botoekin hautatuko nautela jakitea.

Zer diote ingurukoek?

Nire familiak, lagunek eta inguru guztiak urteak daramatzate nire konpromisoa ulertzen eta partekatzen.

Zeintzuk dira Antzuolan ikusten dituzun behar nagusiak?

Antzuolak aldaketa sakona behar du. Parte hartzeko espazio berriak behar ditu belaunaldi berrientzat. Klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egin behar du. Pobreziaren eta bazterkeriaren aurka borrokatu behar du. Antzuolak ez du gobernu lokartu eta konformista bat behar, betiko moldeetan dabilena. Herritarrek beharra duten horretan dagoen udala behar da.

"Herria eraberritzean jarri behar da arreta; beharrezkoa da kaleak berriro ere taupaka hastea, biziagoak izatea"

Horretarako, non jarri beharko litzateke arreta?

Herria eraberritzean. Beharrezkoa da kaleak berriro ere taupaka hastea, biziagoak izatea. Tokiko merkataritzari lagundu behar zaio, eta udalak beharrezko tresnak garatzea proposatuko dugu horretarako, kaleak itzali ez daitezen. Bestalde, pobrezia energetikoak herrian duen errealitatearen argazki zehatz bat izateko azterketa bat egitea proposatuko dugu. Are gehiago, udalak energiaren demokratizazioaren aldeko apustu sendoa egin behar du.

Itxita al duzue hauteskunde-programa?

Prest dugu. Bizilagunen beharrei eta arazoei erantzun eta konponbiderik onena emateko proiektua da, zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzen dituena. Udal agendan arazo ahulei lehentasuna emango diegu, behar diren azpiegituren bultzadak ahaztu gabe.

Zein da duzun indargunea?

Nire konpromisoa, nire desio pertsonala, gehien gustatuko litzaidakeena da Antzuolari aurrera eginaraztea, biziberritzea. Antzuola igande arratsalde luze honetatik atera nahiko nuke, bertan murgilduta baitago EH Bildu udaletxera iritsi zenetik.

Nolakoa da Miren Gallastegi?

Egonezina dut. Egia da denborak pazientzia gutxi izatera eraman nauela denbora galdu nahi diguten pertsonekin. Baina aspaldi da ez naizela isiltzen, sentitzen dudana esaten dudala. Adinarekin batera lortzen den pribilegio bat dela uste dut.

"Politika lanbide oso xurgatzailea da, bizitzako ordu asko lapurtzen dizkit; denbora librean, saiatzen naiz gehien maite ditudanekin egoten"

Zer duzu egitea gustuko aisialdian?

Politika lanbide oso xurgatzailea da, eta bizitzako ordu asko lapurtzen dizkit. Nire denbora librean, beraz, saiatzen naiz gehien maite ditudan pertsonekin egoten, nire familiarekin, nire lagunekin. Baina zaila da esaten zer dudan gustuko, uf… Hainbeste gauza… Zaldiak gustatzen zaizkit, paseatzea eta tenisean jolastea.

Ba al daukazu leku gogokorik Antzuolan?

Leku gogokoenak oroitzapenei eta memoriari lotutakoak dira, herrian jaio, hazi edo aldi luzez bizi izan diren pertsonei dagokien pribilegio bat. Hori niretzako, Eibar da. Eta Antzuolarekin dudan lotura konpromisokoa da, batez ere, politikoa; esan nezake nire txokorik gogokoena udalbatzako eserlekua dela, antzuolarren bizitza hobetzeko txokoa baita. Antzuolak duen mendi ingurunea ere gustatzen zait.

Zeintzuk dira maiatzaren 28rako dituzun aurreikuspenak?

Sozialistok 144 urte daramatzagu herritarren bizi-baldintzak hobetzeko borrokan, hala nola eskubideak konkistatzen, defendatzen. Beraz, badakigu zer dugun jokoan gizarte gisa; beti aterako gara irabazten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak