Olatz Lezeta: "Herria ezagutzen dut, herritarrak eta ohiturak; horrek bidea errazten du"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mai. 8a, 07:00

Olatz Lezeta Antzuolako EH Bilduko alkategaia, Zurrategi plazan.

Herrigintzan aritua da Olatz Lezeta (Antzuola, 1977) Antzuolako EH Bilduko alkategaia urtetan, baina, orain, udalgintzan aritzeko erronkari heldu dio. Goi mailako mekanikako modulua du egina, eta 23 urte ezkero ari da lanean Erreka kooperatiban. Etxekoen eta taldekoen babesa duela adierazi du, eta "erraza" dela harremanetarako. Talde-lana gidari, "prest" dago jardunerako.

EH Bilduko alkategaia izango zara, Antzuolan. Zer dela-eta? Zerk animatu zintuen hautagaitza aurkeztera?

Proposatu egin zidaten, eta buelta asko eman nizkion orduan buruari, jakinda zer-nolako marroia den… Baina pentsatzen dut herritar guztiok, kexatu aurretik, horretan oso abilak baikara, pasatu beharko ginatekeela udaletik; agian ez alkatetzatik, baina bai zinegotzi jardunetik. Era horretan, barrutik ezagutzeko aukera izango genuke, ea zer den; zer esan eta zer ez jakiteko ondoren. Baina lanerako gogoz nago, gustura.

Zerk ematen dizu bertigo gehien? Eta zerk erakarri?

Sekulako bertigoa ematen dit musu publikoa izateak. Hori beti saihestu izan dut, eta bigarren plano batean egon naiz. Jendaurrera begira, gogorra egiten zait elkarrizketak egitea, argazkiak ateratzea… Lanerako prest nago, baina horrelako gauzak egitera ez nago ohituta. Gainera, alkatetza herri baten gidaritza da hein batean, eta horrek ere beldurtzen nau. Baina taldean arituko gara eta horretarako gogoz nago.

"Herri baten gidaritza da alkatetza, baina taldean arituko gara, eta horretarako gogoz nago"

Gustura al zaude osatu duzuen taldearekin?

Batetik, udalgintzan sekula ibili ez garenok gaude, eta horrek badu aberastasuna: lan eta proiektu berriak egiteko jende berria dago. Bestetik, bada esperientzia duen jendea ere taldean; lehen alkate izandako bat, esate baterako, eta horrek duen esperientzia ez da makala. Alkateak ez du ezer egiten berak bakarrik; talde lana da inportantea. Babes horrekin denok egingo dugu aurrera.

Udalgintzan ez, baina herrigintzan aritu izan zara.

Bai, urtetan. Gazte mugimenduan hasi nintzen, eta, ostera, asanbladetan, parte hartze prozesuetan… Orain, adibidez, [EH Bilduko] bilkidea naiz. Baina bada esan nahiko nukeen beste kontu bat ere: etxeko militantzia. Senarra zortzi urtez egon da udaletxean eta hori ez da berez egiten den gauza bat. Bi ume izan baititugu aldi horretan, eta bat udaletxean izan den artean, bestea etxean egon behar da.

Ezkutukoa, zaintzarekin lotua…

Kaleko militantzia ikusten baita. Baina hori posible izateko, etxean beste batek egon behar du. Hori ez da ikusten. Kalekoa goraipatzen da beti, eta eskerrak ere horri ematen dizkiogu. Orain, alderantziz izango da; hor ere bada taldeko lana.

Etxea aipatuta, zer diote ingurukoek? Eta herritarrek?

Etxean babesa dut, dudarik gabe. Esan bezala, talde lan bat da, eta etxean babesik ez badago, ezin da. Eta taldean ere berdin; ez badago bere babesik, ez dago alkategai izaterik. Herrian, berriz, harritu egin nau zenbat jendek zoriondu eta animatu nauen. Ez nuen horrelakorik espero, eta horrek asko indartu nau. Ikusi egin beharko da hemendik lau urtera zer dioten, baina, oraingoz, eurengandik merezi du. Erraz emozionatzekoa naiz, eta hau esatean ere hunkitu egiten naiz!

"Klima aldaketan arreta jarri beharko da, baina batik bat, euskararen egoerari ematen diot inportantzia"

Zeintzuk dira herrian ikusten dituzuen premia nagusienak?

Nik uste dut orain arte sekulako lanketak egin direla, baina, esate baterako, klima aldaketan arreta jarri beharko dela. Murrizketak etorriko dira kontsumoan, trafikoan… Eta hortaz jabetu beharko gara, aldaketak etorriko direlako. Batzuetan autoa hartzen dugu herrian albo batetik bestera joateko… Horrez gain, natura baliabideen kudeaketa ere landu beharko dugu; uraren erabilera, adibidez. Are gehiago, Aiherrarekin senidetza sendotzen jarraitu behar dugu, 40. urteurrena izango baita laster, eta, euskararen egoerari ere erreparatu beharko zaio.

Hain justu, hamar lagunetik sei mintzo da euskaraz, eta erabilerak bost puntu egin du behera bost urteko epean…

Bai, eta nik gai horri inportantzia handia ematen diot. Taldean ere atera den gai bat izan da, eta lanketa indartsu bat egin beharko da. Jakintza gero eta handiagoa baita, baina erabilera jaisten ari da. Zer pentsatua badago.

Puntu horiek jaso al dituzue programan? Itxita al duzue?

Azkeneko zertzeladak falta dira, baina lan ildoetako batzuk aipatu ditudanak izango dira. Justua izango den herri baten alde jardungo dugu lanean.

Horretarako, zein izango litzateke egiteko modua udaletik?

Elkarlanari bide eman nahiko genioke; badaude taldeak ere sortuta herriko eragileekin aritzeko.

Taldearen aniztasuna aipatu duzu lehen indargunetzat. Zein da zurea?

Nik uste dut lanerako prest nagoela, eta talde lanean ere sinesten dudala. Harremanetarako ere nahiko erraza naizela esango nuke.

"Batzuetan haizeren batek joten dit, baina orokorrean lasaia, alaia eta positiboa naiz"

Horiek al ditu bere Olatz Lezetak?

Nik uste dut batzuetan haizeren batek joten didala, baina orokorrean nahiko lasaia, alaia eta positiboa naiz. Baita barre eta negar errazekoa ere. Eta nahiko gertukoa harremanetarako. Euskal Herri aske eta euskaldun batean amesten duena.

Zaletasunei dagokienez, zer duzu gustuko?

Trikitia. Umetan ikasi nituen trikitia eta panderoa, eta orain hiruzpalau urte alaba ikasten hasi zenean, berriro animatu nintzen. Irakurtzea ere gustatzen zait, mendian ibiltzea, bide berriak ezagutzea, parranda… Eta familiarekin zein lagunekin egotea. Uste dut nahiko sinplea naizela. Moldagarria naiz.

Antzuola ere nahikoa ezagutzen duzu; bertan jaioa eta hazia zara. Nabarmentzekorik?

Bai, herria ezagutzen dut, herritarrak eta ohiturak; horrek bidea errazten du. Unearen araberako hautuak dira, baina jaiak, egun seinalatuak, mendiak… Baina oñatiarra dut ama, eta harreman berezia Oñatirekin. Hor dago adibidez Arranoaitz, eta honi bueltaka aritu naiz.

Bueltaka? Oñati ala Antzuola ote den?

Bai, eta Antzuolako gaztetxean jartzen duen eran: Arranoaitz Antzuola da. Garbi gelditu dadila!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak