Hemezortzi urteren ostean, ibilbidea eten du Klak!son taldeak, Puntu urdin margula (2021) diskoa kaleratu ondoren "beheranzko joeran" zeudelako, Mikel Bargiela eta Ion Gurutz Biteri taldekide antzuolarrek nabarmendu dutenez. "Diskoa aterata, beti pasatu izan zaigu. Dinamika bat hartua dago: abestiak konposatu, grabatu, kontzertuak... Baina hori eginda, material falta dago berriro ekiteko, eta ez da jakiten zer egin. Puntu horretan geunden". Ilusioa ere ez zuten lehengo berbera eta kontzertuak ere ez ziren aurreko urteetan bezain jendetsuak.
Bi taldekideek, ordea, ondo gogoan dituzte bizi izandakoak. Deskarga mendateko bi aldeetako bost lagun batu, eta 2004an egin zituzten Klak!son taldea izango zena ereiteko lehen urratsak, urtebetera sortu zuten arren Asier Alkortak (gitarra), Jon Pinillosek (baxua), Borja Zabalok (bateria), Mikel Urzelaik (ahotsa) eta Ion Gurutz Biterik (teklatua eta koruak). "2005aren amaierarako genituen lehen abestiak, eta 2006ko iraileko asteburu batean grabatu genuen bost abestiko maketa: Klak!son", adierazi du Biterik. Danbaka lehiaketara aurkeztu zuten, eta, sailkatuta, parte hartu zuten. "Hastapen politak izan ziren. Ilusioa genuen, orduak eta orduak entseatzen genituen".
Taldean aldaketak
Jatorrizko taldeak, ordea, aldaketak bizi izan ditu. Bargiela, esaterako, 2007an batu zen taldera, eta hiru urtera sortu zen taldearen azken egitura, 2010ean: Bargiela, ahotsean; Biteri, teklatuan; Alkorta, gitarran; Aritz Ormazabal, baxuan; eta Mikel Arriaran, baterian. Bigarren diskoa, berriz, 2011n atera zuten: Zai At Devo City.
Eta, hain justu, Biterik disko batetik besterako aldaketaz hitz egin du. "Lehenengoa askoz heterogeneoagoa zen. Bigarrenetik aurrera, ordea, uste dut lan nahiko koherentea egin dugula musikalki, estilo definituarekin". Azaldu duenez, elkarrekin lan egiteko ohitura izan dute, eta horrek eman zion diskoari "definitua" izatearen izaera. "Behin konposatzen hastean, abesti oso onak atera izan ditugu".
Bargielak, berriz, azpimarratu du beti esan izan dietela musika "nahiko partikularra" egin izan dutela, eta eurek rock progresibotzat ere izendatu dutela. Dena den, lau diskoetan gozatu du –hirugarrena, Denboraleak (2015) da–, baina, batik bat, Zai At Devo City-rekin ditu oroitzapenak. Halere, aitortu du beste batzuek lan gehiago egin zutela. "Grabaketak-eta guk erdi-ekoiztuak dira, laguntza izan arren. Baina Biterik eta Alkortak lan tekniko handia egin zuten disko hartan".
Eginiko laguntasuna
Halere, biek ere ibilbidean eginiko erlazioak nabarmendu dituzte. "Hau bigarren familia bat izan da; giro ona, ika-mika batzuk izan arren", esan du Biterik. Eta Bargielak erantzun: "Ezinezkoa izango litzateke eztabaidarik ez izatea hainbeste urtetan...". Gainera, erantsi dute taldekideek elkar zaintzea garrantzitsua izan dela, eta, batez ere, Antzuolako kontzertuak gozatu dituztela. Hala, eskerrak eman dizkiete inguruan izandakoei. "Ondo izan eta zaindu. Kontzertuetan ikusiko dugu elkar!".