Bada, horretaz jabetuta, herri mailako deialdia egin, eta batzeko lehen urratsa egin dute. Hilaren 20an egin zuten lehen batzarra, Torresoroan, eta azaldu dute arau horrek "uraren pribatizazioa" dakarrela. Elkartu eta egoera salatzea "ezinbestekotzat" jo dute, "bidegabea" iruditzen zaielako erabakia. Halere, Debagoieneko gainontzeko herriekin eta udalekin harremanetan jarri nahiko lukete, taldean aritzea "hobe izango dela" azpimarratuta.
Eginiko inbertsioak
Erlojuak jarriko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako iturburuetan, eta metro kubiko bakoitzak 0,025 euroko karga-tasa dauka aurten; alabaina, datorren urtean garestiagoa izango dela jakinarazi dute, 0,03 euroko prezioa izango baita.
Iturburu horiek martxan jartzea, ordea, baserritarren lana izan dela azaldu dute, eta inbertsio handiak egin dituztela horretarako. Haien arabera, iturburu horien mantentzeak kostu batzuk ditu: "Izan ere, uraren laginak aztertu behar dira, uraren sareak ere egin behar dira, deposituak… Hori dena baserritarren kontu eginikoa izan da, norberaren gain egon da; hala ere, orain, hori guztia pagatu egin beharko da".