Josu Xabier Aranguren: "Bidea etorkizunera begira egin nahi dugu"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 26a, 07:00

Josu Xabier Aranguren EAJko alkategaia, Antzuolako herriko plazan.

Duela lau urteko udal hauteskundeetan Antzuolako EAJren zerrendetan hautagai izan ondoren, lehen aldiz aurkeztu da Josu Xabier Aranguren (Arrasate, 1968) alderdi jeltzaleko alkategai. Lanbide Heziketako ikasketak ditu eginak mekanikan, eta 2006an iritsi zen Antzuolara; ordutik, bertan bizi da, eta, azaldu duenez, herriarekin maiteminduta dago egin dioten harrerarengatik. Hautagaitzari dagokionez, babestuta sentitzen da etxekoen eta taldekideen aldetik. Begirada etorkizunean jarria duen herria eraiki nahiko luke.

EAJko alkategai izango zara, Antzuolan. Zer dela-eta? Zerk animatu zintuen hautagaitza aurkeztera?

Pasa den bozetan zerrendetan joan ostean, Antzuolako EAJko lehendakari hautatu ninduten. Ordura arte, ez nengoen oso sartuta historia honetan, baina horrek aukera eman dit hurbilagotik ikusteko egoera. Legegintzaldi nahiko zaila izan da pandemiaren-eta eraginarengatik, baina guk talde moduan ikusten dugu herriari aldaketa bat egin behar zaiola.

Ez al du nahikoa aldaketa izan azken lau urteotan?

Herria oso geldi ikusi dugu azkenengo legegintzaldian, eta guk uste duguna da horri buelta bat eman behar zaiola, herria berriro eraikitzen hasi behar garela.

"Batzuetan badirudi herria zerbait abstraktua dela, baina herria esatean, pertsonez gabiltza"

Bada, zeintzuk dira ikusten dituzuen premia nagusienak?

Azkenengo urteetan ez da gauza handirik egin. Ur-parkeaz eta pumptrack parkeaz haratago, mugimendu handirik ez da izan. Egin diren gauza denak udaletxe bati eskatu behar zaizkion minimoetan egin dira; bonbila bat funditzen bada, aldatu egiten da eta listo; eta, berdin, baldosa batekin. Gure ikuspuntutik, hori baino gehiago egin beharra dago.

Non jarri beharko litzateke arreta?

Etorkizunean. Herri batek bizitzeko toki bat izan behar du, eta baita seme-alabak hazteko eta heztekoa, jatekoa, lan egitekoa… Ingurua ere zaindu behar da: nekazaritza, dauden herriko zerbitzuak…

Puntu horiek jaso al dituzue programan? Itxita al duzue?

Nahiko landuta dugu, baina borondate aurkezpenak dira. Alegia, behin lanean hasita gauza batzuk egiteko aukera dago eta beste batzuk ez; aurrekontu bat egoten da, baina murrizketak alde guztietatik etor daitezke. Orduan, lehen asmoa da etorkizunera begira egitea bidea.

Zer egin behar da horretarako?

Esate baterako, orain dela gutxi, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aurkeztu du udaletxeak, baina uste dugu horri buelta bat eman behar zaiola; hala nola, industria mailan. Hemen aldaketak egin dira gure taldea gobernuan egon denean; harrezkero, nolabait, errentetatik bizi izan baitira. Baina herria ezin da horrela bizi, zerbaitek huts egin ezkero, pikutara joan daitekeelako. Eta batzuetan badirudi herria zerbait abstraktua dela, baina herria esatean, pertsonez gabiltza.

Zerrenda osatuta duzue. Indartsua al da taldea?

Taldeak indarra du, eta gu alkatetzara helduko bagina, ez nuke lorpen pertsonaltzat ulertuko, baizik eta, talde ekintzatzat. Polita da osatu dugun taldea. Batetik, lan honetan berriak garenak gaude, eta, bestetik, esperientzia dutenak.

"Polita da osatu dugun taldea; batetik, lan honetan berriak garenak gaude; bestetik, esperientzia dutenak"

Babestuta sentitzen al zara? Ba al duzu bertigorik?

Taldearekin oso babestuta sentitzen naiz. Nik nire burua ez dut galduta sentitzen zentzu horretan; elkarrizketetan-eta, ordea, ez naiz ondo moldatzen. Lan egiteko gogoz dagoen jendea ere hurbildu zaigu. Ohikoa da jendearen ezezkoak jasotzea, eta, izan ditugu, baina uste baino bizkorrago osatu dugu zerrenda.

Eta zer diote etxekoek?

Nire emaztea laugarren doa zerrendan, eta animatuta dago. Hiru zinegotzi izan ditugu azken legealdian, eta, berak dio aurten laugarrena ateratzeaz gain, alkatetza ere lortuko dugula. Halere, etxean animatuen dagoena semea da; emozionatuta. Amak, arrebak… ere babestu naute. Ilusionatuta gaude.

Jaiotzez, ordea, arrasatearra zara. Zein da Antzuolarekin duzun lotura?

2006an etorri ginen, eta 2008an ezkondu. Herria beti iruditu zaigu polita, eta jendeak oso ondo jaso gaitu. Alabaina, 2009an gaixotu egin nintzen, eta ordutik herriaren aldetik jaso ditudan animoak izugarriak izan dira. Herriarekin maiteminduta dago, eta horregatik eman nahi diot buelta bat, bizi garenongatik. Dena merezi du.

Ba al duzu leku kuttunik-edo herrian?

Lehenengo eta behin, etxea. Ez naiz asko ibiltzen kalean, nire egoerak larregi ere ez dit laguntzen. Herriko plaza ingurua ere izugarri gustatzen zait, eta baita Antiguako errota aldea; ahateak. Semea txikia zenean asko joaten ginen, eta asko gustatu izan zaidan lekua da; berarekin bizi izan ditudanez uneak… Pasioan, berriz, Uzarraga eta Lizarraga aldera mugitzen gara, baina, gurpildun aulkiarekin, mugatuta nago. Bada, herria polita iruditzen zait, zatarrik ez du ia ezer.

Eta zeintzuk dituzu zaletasunak?

Izugarri gustatzen zait irakurtzea, etxea liburuz josia dugu. Txikitatik gustatu izan zaizkit hegazkinak, kamioiak… Kamioilaria zen aita, eta ni ere izan nintzen. Eta baita informatika ere. Horiek dira nire hiru zaletasunak, maketak egitearekin batera. 

"Pazientzia dut, eta, esango nuke oso zerebrala ere banaizela; arrazoizkoa. Normalean, emozioen aurrean arrazionaltasuna gailentzen da"

Horrelako lanak egiteko lasaitasuna eta pazientzia beharko da... Ba al duzu zertxobait batetik zein bestetik?

Pazientzia badut, eta, gainera, itxura hori ematen dut. Gurutze Gorrian egon naiz urte luzez, Elorregin, eta, egoera zailenetan, batek baino gehiagok esaten zidan ni trankil ikustean eurak ere trankildu egiten zirela, baina baliteke ni hala ez egotea. Eta esango nuke oso zerebrala ere banaizela, arrazionala. Horrek ez du esan nahi emoziorik ez dudanik, baina, normalean, emozioen aurrean arrazionaltasuna gailentzen da.

Eta, ideologikoki, nolakoa da Josu Xabier Aranguren?

Etxean beti izan gara jeltzaleak; ez, ordea, afiliatuak, ni afiliatu nintzen arte. Historia izugarri gustatzen zaidanez, asko irakurri dut, eta horrek nire ideietan gehiago finkatu nau. Bada, alderdiaren bide berekoa naiz: pragmatikoa eta errealista. Hau da, lortu daitezkeen gauzak bideratze-zalea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak