Gune autogestionatuen babes-sarea da Defentsa Komunitatea, "langileen kontrolpeko espazioen, gaztetxeen, etxebizitza okupatuen eta komunitate politikoen defentsarako gaitasuna hedatzea" helburu duena. 2019an sortutako Erraki mugimenduaren jarraipena da, "urteetako saretzearen emaitzaren fruitua".
Besteak beste, Erresistentzia Kutxa darabilte espazio okupatuetan jasaten dituzten kostu eta isunei aurre egiteko, eta hilaren 29rako jaialdia baliabide horri ekarpena egiteko antolatu dute. Gazte Asanbladako kide Mikel Arregik azaldu duenez, Defentsa Komunitateak lehen aldiz antolatu du egitarau bat Antzuolako gaztetxean, baina, gogoratu duenez, bailaran egin izan dituzte antzeko ekitaldiak: "Bergarako zein Oñatiko gaztetxeetan, esaterako".
Arratsaldetik gauera
Olaldeko frontoi txikian pala txapelketa eginez hasiko dute hilaren 29ko egitaraua, 16:30ean. Izena emateko aukera dago oraindik, kartelaren QRa zabalduta. 21:30ean hasiko dira kontzertuak, eta bailarako musikariz osatutako rock estiloko lau talde igoko dira: Bat Bat Bi, Txakurrak, Berandu Baino Lehen eta Kontralde. Sarrerak salgai daude Arin tabernan, ikasle eta langabeentzat 3 eurotan eta langileentzat 5 eurotan. Zapatu gauean zehar ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, gaztetxera bertaratuta.
Hilaren 28an, akustikoak
Hori, Erresistentzia Kutxa hauspotzeko egunari dagokionez. Izan ere, ostiralean, hilak 28, 22:30ean hasita, bi emanaldi akustiko egongo dira gaztetxean, hango kideek antolatuta: Katarsia eta Nhil Band. Bergararrak dira lehenengoak, pop zein rock doinuak uztartzen dituztenak; bigarrena, berriz, Leintz bailarako musikariek osatzen dute. Sara Alonso abeslariak, tartean.