Horren aitzakian, Eider Sanz aktore arrasatearra elkarrizketatu du Goienak. Antzezlan abstraktua dela laburtu du, oraindik eraikitze fasean dagoena. Baita mapping-ak eta butoh iluntasunaren dantzak pisu handia daukatela ere.
Zer da Atalak-ekin transmititu nahi duzuena?
Emozioak eta arrakalak sortzea. Ez dauka narratiba linealik, baina horrek ez du esan nahi edozerk balio duenik. Norbait hizkuntza honetara ohituta ez badago, behintzat etxera zeozer eramatea, ulertzeko baino, hausnartzeko. Funtsean, publikoaren barruan zeozer mugitzea gura dugu.
Zein da gai nagusia?
Hasierako asmoa aldentze eta gabeziari buruz berba egitea zen, norbere identitatearen eraikitze eta esentziaren etengabeko topaketari buruz. Azkenean, sorkuntza prozesuan zehar piezak berak esaten digu zeri buruz gabiltzan. Konturatu gara Atalak besteen isladek gutako bakoitzean duen eraginari buruz hitz egiten duen hausnarketa bihurtu dela. Pertsonok espazio eta denbora baten menpe gaude, eta behin eta berriz harri-kozkor berarekin estropezu egiten dugun animaliak gara. Gizarte honek etengabe bultzatzen gaitu erosotasuna aurkitzera lan egiterako orduan. Baina, gure ustez, helburua ez da hori. Etengabeko erosotasun baten bila ibilita ere, kartzela handi batean bizi gara. Halako bizimodu batean mugatuta ez dagoen erresistentzia lan bat izatea nahi dugu Atalak. Artea instrumentu potentea denez, mundu sentikor bat aldarrikatu nahi dugu. Ziurgabetasuna partekatuz eta modu eraikitzaile baten, hormak apurtzen saiatu gara, topaketetarako leku berriak asmatzen.
Nola egin duzue bat kideok eta zein da bakoitzaren rola?
Ainhoa Alberdik Gasteizen emandako butoh ikastaro batean kointziditu genuen berak, Nerea Elorzak eta hirurok. Ainhoa Metro Koadro kolektiboko kidea da, eta kanpo begirada eman digu, zuzenketak egin dizkigu. Nerea Elorza Jaiki elkarteko kidea da, urte asko daramatza gorputza lantzen. Biok gorpuzten dugu obra, baina Amaia Santamariak ere protagonismo handia dauka. Bera dabil proiekzio lanetan eta ikus-entzunezko teknikari moduan. Nolabait esatearren, laborategi batean bezala agertuko da, mapping-a eta transparentzia proiektorea moduko teknika desberdinak erabiliko ditu gure mugimenduekin egiten ditugun ekintzak gorpuzteko. Lauron artean oso ondo fusionatu gara.
Nolakoa izaten dabil sorkuntza-prozesua?
Bi alderdi ditu; bata da jolasa, esperimentazioa, ikerketa. Ni gehien erakartzen nauen zatia da, irudimenetik lan egiten delako, eta ez arrazoimenetik. Akzioak erradikalizazio batetik eramaten dituzu. Dena da posible, eta ez dago kritikarik. Oso ondo baldin badakizu zeri buruz berba egin, proposatzen dituzun akzio edo irudiek, eta gorputzaren mugimendu adierazpenak, benetakoak dira. Hor lortzen da, zelabait, ikur sinbolikoa. Guretzat, irudimena da gure ekintzarik zuzenena, Kuraiaren kantu batek dioen bezala. Ikur sinbolikoa irudimenaren hizkuntza da. Gorputza motorra, jatorria edo dena hazten den giltza den bezala.
Eta gero bada beste zati bat, emaitzarekin lotutakoa. Hor hasten zara dramaturgia bat idazten. Zatirik zailena da, erabakiak hartu behar dira. Horrenbeste material duzu, aukeraketa egin beharra dagoela. Galduta egon gara, eta hori oso garrantzitsu eta interesgarria da. Ez bagara galtzen, beti jarraituko dugu patroi bera. Galduta egoteak gauzak beste modu batean egiteko aukera ematen digu, auto-deskubritu egiten gara.
Eta bide hori ez duzue guztiz itxi oraindik.
Obra guztiz bukatu gabe dago. Orain arteko sorkuntza prozesuan egindako lana zabaltzea da asmoa, publikoarekin itzulera bat izan eta lanean jarraitzeko. Ikertu, jolastu, materialak sortu ditugu, baina ez dugu ezer itxi. Dramaturgikoki erabaki batzuk hartu ditugu pieza-itxura emateko. Edozer gertatu ahal da asteazkenetik aurrera. Publikoaren iritzia oso inportantea da, nondik nora jarraitu jakiteko. Akzio, irudi eta testuetatik zerk funtzionatzen duen eta zerk ez hobeto ikusteko.
Proiektu pertsonala dela diozu. Zaila da halakoei bide ematea?
Sorkuntza lanetan erronka ekonomiko eta tekniko asko egoten dira, eta erakunde gutxik egiten dute sorkuntza prozesuen aldeko apustua. Gainera, babesa lortzea are zailagoa da hizkuntza berriak jorratzen dituzten proposamenak aurkezten badituzu. Horregatik gaude zeharo eskertuta Debagoieneko Antzerki Plataformako kideekin. DAP proiektu pertsonal batera salto egiteko euskarria izan da guretzat. Badirudi halako proposamenak hiriburuetan bakarrik egiten direla, eta hori ez da horrela, hemen sekulako harrobia dugu. Guretzat hau saretze lan bat izan da, konturatu gara bereziki emakumeak prest eta desiratzen gaudela lan hauek aurrera eramateko.
Ze ibilbide izango du Atalak-ek?
Azpeitiko Dinamoa espazioan gure proiektua hautatua izan da orain arte egindakoari jarraipena emateko. Dinamoan baliabide indartsuak dituzte, eta ateak ireki dizkigute proiektuaren bigarren sorkuntza prozesu bat egiteko, lana gorpuztu eta pieza amaitzeko.