'Memoria josten: gatazka armatua Antzuolan 1958-2011' liburua aurkeztuko dute bihar

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 18a, 12:08

Onintza Legorburu eta Ane Alberdi ikertzaileak 2017an eginiko proiektuaren aurkezpenean.

Ane Alberdi eta Onintza Legorburu ikertzaile antzuolarrek ondu dute lana, eta, bihar, hilaren 19an, izango da aurkezpena, Olarango beheko aretoan, 18:30ean.

Azaldu dutenez, Euskal Herrian hamarkada luzez bizi izan den gatazka armatuaren inguruko informazio "urria" jaso dute, eta, "soilik, gatazkaren azken zipriztinak" bizi izan dituzte. Hala ere, nabarmendu dute eurengan zein inguruarengan gai honek "mamia" duela, eta, beraz, Historia eta Antropologia lagun izanik, ikerketari ekiteko hautua egin zuten 2017an. Antzuolako jubilatuengana iritsi ziren lehendabizi, Antzuola Lagunkoia taldea herriko ondarea ikertzen hasia baitzen, eta, azkenean, eurekin zein Udalarekin elkarlanean, lan hau abiatu zuten.

Banakako elkarrizketak eta talde eztabaidak egin dituzte, baina nahi baino ahots gutxiago jaso dituzte. "Bagenekien sufrimendu eta emozio guztiak islatzea oso zaila izango zela eta horixe gertatu da. ETAren eraginez beraien bizitza eta baita euren familienak ere arriskuan ikusi dituzten pertsonek ez dute nahi izan elkarrizketetan parte hartzerik, bi pertsona elkarrizketatu ditugun arren". Hala, uste dute egitate honek "nahiko informazio" ematen duela, "hainbat zauri eta bizipen zabalik eta pil-pilean" daudela erantsita. "Euren minaren aitortza eta errespetua adierazi nahiko genieke".

Bizikidetza eta memoria inklusiboa

Ikerketarekin asmo dute bizikidetza eta memoria inklusiboaren gaiak mahai gainean jartzea Antzuolan, uste baitute bizikidetza bultzatzea eta herri memoria lantzea "beharrezkoa" dela, ahanzturara ez jotzeko. "Ezinbestekotzat jotzen dugu, herrian motibazio politikoko indarkeria eta gatazkak bere horretan sortu dituen sufrimendu ezberdinei hitzak jarri, eta denon artean elkar ulertzen hastea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak