Patxi Olabarria: "Armarritik abiatua da Mairuaren Alardea"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 24a, 10:47

Patxi Olabarria liburuaren egilea, martitzenean, Antzuolako Herriko Plazan. Argazkia: A.R.K.

'Antzuolako armarriaren alardea' liburua ondu du, eta "bitxikeria pila batekin" egin du topo; lana salgai dago Itzar liburu-dendan, udaletxean eta liburutegian.

Patxi Olabarriak (Antzuola, 1971) Antzuolako armarriaren alardea liburua ondu du. 2009an hasi zuen armarri horren gaineko ikerketa, Nabarraldek Belateko hamabi kanoiak kentzeko eskaria egin zionetik, baina, gaiari tiraka, hainbat datu elkartu eta ondorio batzuk atera ditu. Martitzenean egin zuen aurkezpena jendaurrean, eta harrera ona zein harridurazkoa izan zuela azaldu du.

Has gaitezen hasieratik: 2009ko eskaria; zer zuten kanoiek?

Armarriak, banderak, sinboloak... herri baten nortasun ikur dira, baina eskariarekin ohartu ginen armarriaren sorreran ez zirela antzuolarrak egon. Juan Alfonso Guevara Sandoval Espainiako arma-erregeak sortu zuen, 1745ean; ez da guk erabakitakoa, beste nortasun baten ikur dira. Gipuzkoako armarrian sartu zituzten lehendabizi, eta ostean, Antzuolakoan. Hala ere, kanoi horiek euskaldunen arteko borrokaren isla dira.

Jatorrira joz, zergatik behar izan zuen Antzuolak armarria?

1200ean Gaztelak Nafarroako zati bat konkistatu zuen arte, elizateak zeuden, eta haien artean bailarak osatzen ziren. Bergara bailara zegoen tartean, eta haren barne zeuden gaur egungo Bergara, Elgeta eta Antzuola. Konkistarekin, ordea, hiribilduak sortu zituzten, eta bailaren egitura desagertuz joan zen, jendea hiribilduetara joaten hasi baitzen. Uzarraga bakarrik gelditu zen, eta Bergarara bildu ginen.

Hala ere, ondoren, independentzia ere lortu zuen herriak.

1629an izan zen hori, eta, ehun urtera, udaletxe bat eraikitzeko beharra zegoen; baita armarri bat ere. Orduan jo zuten arma-erregearenera, eta hark herri bakoitzak zein meritu zuen galdetzen zuen armarria osatzeko; hala ere, Antzuolak, ez zuen handirik, eta istorio bat asmatu zuen armarrian zerbait islatzeko. Horrela funtzionatzen zuen.

Mairuaren Alardea?

Orduan asmatu zuen antzuolarrak Valdejunquerako batailara joan ginela; Mairuaren Alardean kontatzen den istorioa, alegia. Horrela eraiki zen armarria.

Hala ere, errege presoan jarri duzu arreta.

Armarriko eremu batzuk Gipuzkoakotik hartu zituen: hamabi kanoiak eta erregea. Hala ere, Antzuolako erregeak kate bat du, Gipuzkoakoak ez bezala. Horrek nahastu gintuen, eta Rosa Ayerbe historialaria ere harrituta zegoen. Ordea, Madrilgo artxiboetan zebilela, Gipuzkoako armarri batean erregea lehen aldiz kate batekin irudikatuta ikusi zuen. Orduan konturatu zen ez zela Antzuolako sinbolo bat; baizik eta Gipuzkoakoa. Bada, Mairuaren Alardea armarriaren imitazioz sortu zen, armarritik abiatuta.

Hori da ondorioetako bat; hala ere, musika ere ikertu duzu...

Bai, eta sorpresetako bat izan da Mairuaren Alardeko kalejiran jotzen den musika Espainiako himno bat dela; bagenekien martxa militar bat zela, alardea ere badelako, baina hori errege familiaren ospakizunetan jo izan da. Orain, hitz egin beharko da ea zer egiten den musikarekin.

Hala ere, argi utzi nahi dut hau ez dela Alardearen aurkako liburu bat. Zergatik uste duzu mantendu behar dela?

Foru alardeak ziren euskalduntzat genituen eskubide batzuk foruak galdu aurretik. 18 eta 60 urte arteko gizonezkoak kalera ateratzen ziren urtean behin armekin, baina, foruak galtzean eta soldaduska derrigortzean, erreakziotzat sortu ziren alardeak. Ez ziren ezerezetik sortu, euskal pizkundea baitzegoen kultura mailan. Eta harro egotekoa da Antzuolak ere han parte hartu zuela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak