1991an egin zen lehen azterketa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 16 urtez gorakoen datuak gogoan izanda, eta, ordu hartan, %25ek zekien euskaraz. "Edozein hizkuntza gutxituren biziberritzean egon daitekeen daturik onena da gazte-belaunaldiak euskara ezagutzea. Hizkuntza ordezkapena iraultzen ari denaren adierazle nagusienetarikoa da", nabarmendu du Zupiriak.
Igoera, gainera, adin tarte guztietan ez ezik, hiru lurraldeetan ere gertatu da. Datuok gogoan izanda, 30 urteko epean, zortzi puntu igo da Gipuzkoan; Bizkaian, ia bikoiztu egin da; eta Araban, hirukoiztu. "Horrek berresten du gizarteak euskararen alde egindako apustua sendoa izan dela eta hala izaten jarraitzen duela gaur egun ere".
Erabilera ere gora
Ezagutza eta erabilera, ordea, ez dira sinonimoak, eta, erabileraren datuak handitu egin badira ere, ez dira handitu erabilera-datuak maila berean. Ezagutza %12 igo da 1991tik; eta erabilera ere igo egin da, %6,4.
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, batik bat, gazteek hitz egiten dute euskaraz; hain justu, hamarretik hiruk; eta, gutxien, 65 urtetik gorakoek: %16,7k. Are gehiago, erantsi du euskarak hiztunak ez ezik, lekuak ere irabazi dituela. "Euskara erabiltzeko guneak ere aldatu egin dira; testuinguru formalean nahiz informalean egin du gora erabilerak".
Euskararen sustapena
Zupiriak nabarmendu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 16 urtez gorakoen biztanleen %67 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, eta, beraz, azpimarratu du euskara sustatzeko aldeko jarrerak gora egin duela. "1991ko eta 2021eko datuak alderatuz gero, euskara sustatzearen alde daudenen ehunekoak hamabi puntuko hazkundea izan du". Hala, zehaztu du euskararen biziberritze prozesua positiboa izateak lagundu duela datuok izaten.