Antzuolako udal artxibo historikoko 23 akta-liburu eta 140 hidalgia, digitalizatuta

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 21a, 10:00

Lourdes Odriozola historialaria Antzuolako udal artxibo historikoan.

2.770 dokumentu daude Antzuolako udal artxibo historikoan, eta horietako batzuk digitalizatzen hasi dira, Lourdes Odriozola historialariak azaldu duenez. Haren ustez, Jaurlaritzak eta Udalak apustu egin dute horren alde, eta "garrantzitsutzat" jo du.

Antzuolako udal artxibo historikoko dokumentu batzuk digitalizatzen hasi dira; eta, kasu honetan, 23 akta-liburu eta 140 hidalgia digitalizatu dituzte, Lourdes Odriozola historialariak azaldu duenez. Hark izan du zeregin horren gaineko kontrola; besteak beste, zer dokumentu digitalizatu behar diren eta nola, artxiboaren antolaketaz eta ikerketa historikoaz arduratzen baita. Alabaina, enpresa espezializatu batek egin du digitalizazio-lana, makineria berezia behar delako, eskaner batzuk.

Digitalizatutako dokumentuei dagokienez, jasotako lehen akta-liburua 1661ekoa da eta azkenekoa, 1965ekoa. Hidalgia edo kaparetasun espedienteak, berriz, XVI, XVII eta XVIII. mendeetakoak dira. "Espediente batzuk dira, demostratzeko dokumentazioaren arabera eurak euskaldunak zirela eta euren jatorria ere halakoa zela. Hala, tratamendu berezia zuten atzerrian". Hain justu, azpimarratu du Kapareak eta odol garbikoak adierazpena zebilkiela dokumentu haietan, euskalduntasunaren adierazle. "Gehienbat, eskatzen zuten Euskal Herritik kanpo joaten zirenean, edo baita baserri indartsu batekoak izanez gero ere, ezkontzeko orduan jatorria argi gera zedin".

Dokumentuen lanketa

Odriozolak azaldu duenez, dokumentu horiek oraindik ezin daitezke kontsultatu, baina dena prest izatean, digitalean jarriko dira nahi duenarentzako, Eusko Jaurlaritzak horretarako propio duen plataforma batean, Euskadiko Artxibo Historikoarenean. Izan ere, nabarmendu du Jaurlaritza "apustua" egiten ari dela udal guztiek artxibo "txukuna" izan dezaten, bi helburu jakinekin: "Dugunaren kontserbazioa eta kaleratzea; gure ondarea zabaltzea, oso aberatsa baita".

Jaurlaritza jarri zen udal artxibo historikoaren antolaketaz arduratzen den azpikontratarekin harremanetan ere, historialariak kontatu duenez, Udalean ez baitago teknikaririk horretarako. "Bazekiten artxibo hau ez zela bolumenaren aldetik oso potoloa, herria txikia delako, baina bai, ordea, historia handikoa". Eta, hain justu, horretaz jabetu ziren eurak ere dokumentazioa katalogatzen hastean. "Balio handikoa da, bai tipologiaren bai edukiaren aldetik".

Hala ere, nabarmendu du Jaurlaritzak ez ezik, Udalak ere apustua egina duela funts historikoa zein administratiboa ondo katalogatuta eta deskribatuta egon dadin. "Badakigu baliabideak mugatuak direla, dirua ere hala dela, eta, askotan, artxiboaz ahaztu egiten gara. Baina hemen garrantzia eman zaio: ari gara ikusten azken urteetan poliki-poliki gauzak txukun ari direla egiten". Hala, erantsi du Antzuolako Udalak baduela sentsibilizazioa artxiboarekiko, dagoena kontserbatzeko eta ez galtzeko. "Bestela, gure historia, gure oinarriaren zati inportante bat, galdu egingo litzateke".

Zehazki, 2023ko aurrekontuetan Udalak 16.000 euroko diru-partida bat du zehaztuta artxibo administratiboa eta historikoa digitalizatzeko.

Gerora, gehiago

Bada, Odriozolak uste du artxiboaren digitalizazioa "garrantzitsua" dela ikerlarientzako, historialarientzako, lan "neketsua" delako eurena, eta, askotan, ez dutelako bilatzen beharrezkoa duten dokumentazioa. Baina horrek beste bide bat eskaini dezakeela azpimarratu du.

Ikerlarientzako ez ezik, gehitu du herritar soilentzako ere inportantea dela, sarritan jo behar izaten delako dokumentazio zaharrera izan ditzaketen zalantzak argitzeko: "Esate baterako, testamentuen berri izateko".

Antzuolarrek ere, beraz, izango dute horretarako aukera, akta-liburuak eta hidalgiak digitalean kontsultatzekoa. Gerora, asmoa da dokumentu gehiago digitalizatzea, baina, aurrez, sailkatu, deskribatu eta katalogatu egin behar dira; ondoren, baloratu eta baiezkoa erabakiz gero, digitalizatu.

Izan ere, orain digitalizatu dituzten 163 dokumentu adibidetzat hartuta, azaldu du 11.000 irudi baino gehiago direla, eta, beraz, ezin daitekeela artxiboan dagoen dena digitalizatu. "Garrantzia emango zaie dokumentuei, inportantzia historikoarengatik edo kontserbazio egoerarengatik". Alegia, digitalizatu aurretik ondo baloratu behar da ea zer duen material bakoitzak eta baliagarria den edo ez.

Gaur-gaurkoz, 2.770 dokumentu daude udal artxibategian, eta, Udalak ezer erabakita ez duen arren, Odriozolak nabarmendu du esku artean dutela frankismo garaiko funts bat, katalogatu, deskribatu eta antolatu gabe dagoena, 1960ko hamarkadaren amaieratik 1990ekora, gutxi gorabehera. "Ziur aski, hortik hasiko gara, eta, administratiboki, posible da gauza asko argitzea".

Dena den, digitalean ez bada ere, fisikoki kontsultatu daitezke artxibategian dauden dokumentuak. Horretarako, udaletxera deitu daiteke eta hitzordu bat eskatu; Odriozolak, berriz, azaldu du hura moldatuko litzatekeela interesa duenari harrera egiteaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak