Herritarrak, baina, batik bat, pertsona nagusienak, "seguru eta bizi-kalitate onarekin" bizi daitezen, lanean dihardu Antzuola Lagunkoiak 2014 ezkero, herrian dauden hutsuneak edo hobetu beharrak detektatzen eta ikusitakoak Udalari zein Mankomunitateari helarazten. Alabaina, taldekoek ohartarazi dute gero eta gutxiago direla, eta, beraz, "indarberritzeko eta egonkortzeko" nahia dute.
Kontxi Elorza eta Pilar Etxaniz taldekideek azaldu dutenez, zortzi eremutan jarduten dute: garraioa, etxebizitza, partaidetza eta ehun soziala, errespetua eta inklusioa, herri partaidetza eta enplegua, komunikazioa eta informazioa, osasuna eta gizarte zerbitzuak, eta kanpoko guneak eta eraikuntzak. Hala, arlo horietako batzuetan detektatutako 75 eginbehar zerrendatu zituzten lehen urteetan, eta ondoren, jasotakoak garatzen aritu dira.
Horrela jarraitu nahi dute aurrerantzean ere, baina, batez ere, norbanakoengan dute jarria arreta: "Auzoetan pertsona indibidualek izan ditzaketen arazoak detektatu nahi ditugu: bakardadea, etxetik irten ezina... Hori detektatu eta nola lagundu genezakeen pentsatu".
Etorkizuneko herria
Horrez gainera, etorkizunera ere begiratu nahi dute. "Nola eboluzionatuko duen populazioak, ea orain arteko zerbitzuak nahikoa diren ala ez... Unea iritsi aurretik, hori guztia aurreikusi nahi dugu, horren planifikazioa parte-hartzearen bidez gauzatuta".
Taldea "dinamikoa" dela nabarmendu dute, eta euren arteko harremana "errespetuzkoa" dela. Ordea, gonbita egin diete parte hartu nahi dutenei.
Landatxopen ere aldaketak
Lotura estua du egitasmoak Landatxope jubilatu eta pentsiodunen elkartearekin, parte baita. Eta, hain justu, elkartekoak ere aldaketa prozesuan daude, zuzendaritza batzordea berritu nahi baitute.
Azaldu dutenez, taldearen lana da, besteak beste, ospakizunak prestatzea, bidaiak antolatzea eta diru kontuez arduratzea, hiru urtez. Baina horretarako, boluntarioak eskatu dituzte, pandemia ezkero "normaltasunera itzultzea kostatzen ari zaiela" nabarmendu baitute.
Agenda soziokulturala
Hala ere, ez daude geldirik. Hilaren 15ean, Arantxa Bengoetxeak testamentuei buruzko hitzaldia egingo du elkartean, 17:30ean. Martxoaren 20an eta 22an, erorketa tailerrak egingo dituzte; 23an, Ordiziako Umore Ona koralaren ikuskizuna egongo da; eta, 30ean, egun osoko irteera egingo dute Tolosara, museoak eta herrigunea ezagutzeko.