Hiri Antolamenduko Plan Orokorra garatzen dabil Antzuolako Udala duela bi urtetik, eta herritarrekin batera lurren inguruko hausnarketa egin ostean, aurrerapen dokumentua aurkeztu dute Hirigrama kooperatibako arkitektoek, herriak hirigintzan izan ditzakeen aukeren berri emateko. Ez da, ordea, erabakirik hartu, orain, jendaurrean egongo baita hiru hilabetez eta, ostean, beste biz, alegazioak egiteko; Antzuolako Udalaren webgunean izango da laster ikusgai.
Egin daitezkeenak, ordea, mahai gainean daude, joan den eguenean eginiko aurkezpenean azalpenak eman baitzituzten arkitektoek.
Egungo planifikazio urbanistikoaren mapatik abiatu, moldaketa batzuk egin, eta proposamenak egin dituzte. Mugikortasunari dagokionez, hainbat aukeraren berri eman dute, eta horietako bat da biribilgune bat egitea Etxezuri alboan. Azaldu dutenez, horrek aukera emango luke errepidea estutzeko eta oinezkoena zabalagoa egiteko, bidegorriari jarraikortasuna emanez herrirantz. Horrez gainera, Lizarraga hiribideko biribilgunean eta Antiguako bidegurutzean ere aldaketak egin daitezkeela adierazi dute, eta osasuna hirigintzan barneratzearen garrantzia ere gogoan izan dute herrian zehar oinezkoentzat edo kirola egin nahi dutenentzat zirkuitu batzuk egitea proposatzerako orduan.
Espazio libreak
Espazio libreei dagokienez, erreka alboan parke bat egitea dago proposamenetan, aldi berean bainatzeko gune ere izan daitekeena. Horretarako, Erreka kooperatibaren ingurua, Ibarreko zelaia eta ahateen alboko espazioa proposatu dituzte. Eta, ekipamenduetan, Erreka alboan, autokarbaanentzako gunea egiteko proposamena dago, kanpoko bisitariei zuzenduta. Horrez gainera, Balzers Oerlikon inguruan, hiri-baratzeak sortu daitezkeela ere azaldu zuten.
Jarduera ekonomikoa eta etxebizitza
Arkitektoen arabera, bigarren sektoreak indar handia du herrian, eta nahikoa lur dute beste biekin alderatuz gero. Dena den, aukeratzat dute Goizper handitzeko lur batzuk zehaztea haren inguruan, eta, horrez gain, Erreka alboan, eraikin bat egitea, sor daitezkeen industria beharretarako. Halere, sektoreen arteko deskonpentsaziaon ere arreta jarria dute.
Etxebizitzan, berriz, hiru zonalde posible mahai gaineratu dituzte, aldagai ezberdinak izango lituzketenak: Oerlikon Balzers ingurua, Lizarraga hiribidea eta Eperra elkartearen alboa, Kalebarrenen.