Itziar Perez: "Erretiro honekin gure nahia da osasunaren burujabetza lantzea"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 27a, 10:00

Itziar Perez psikologoa eta yoga irakaslea, Antzuolan. Gorputza Da Bidea elkarteko kidea ere bada.

Erretiroa antolatu du Gorputza Da Bidea elkarteak, yoga, biodantza eta bioenergetika ardatzat hartuta, Laskurain baserrian. Bertako kidea da Perez, eta helburu dute parte hartzaileek egunerokorako tresnak eskuratzea. Oraindik izena eman daiteke.

Norbere barrura begiratzeko espazio bat sortzeko asmoz, erretiroa antolatu du Gorputza Da Bidea elkarteak Antzuolan. Hiru kidek osatzen dute taldea eta tartean da Itziar Perez (Antzuola, 1989) herrikidea. Psikologoa eta yoga irakaslea da, eskolak ematen ditu, eta erretiroaren nondik norakoez hitz egin du. Otsailaren 3tik 5era izango da, Laskurain baserrian.

Taldeak erretiro bat antolatu du lehen aldiz; zer beharretatik?

Bagenuen nahi bat. Yoga saioak- eta, askotan, oso motzak dira eta sentitzen genuen gorputzak eskatzen zigula espazio luzeagoak egitea. Asteburu batek murgiltze sentsazioa eman dezake, egoteko beste modu bat esploratzeko bidea, eta aukera polita iruditu zitzaigun. Gainera, horrelako espazioak euskaraz sortu nahi ditugu.

Hiru adar nagusi izango ditu: yoga, biodantza eta bioenergetika.

Bai. Kontuan izanda otsailean izango dela eta negu bete-betean gaudela, barrura begiratzea izango da helburua, lasaitasunerako espazio bat sortzea, baita autoezagutzarako ere; exijentziarik gabeko espazio bat izatea gura dugu. Eta horretarako zehaztu ditugu hiru zutabe horiek.

Zer du bakoitzak?

Yogako saioetan bilatuko dena da espazio gehiago egitea gorputzean, arnasa hartzeko edo modu askeagoan mugitzeko aukerak sustatzea eta areagotzea. Biodantzari dagokionez, musika darabilen sistema bat da, mugimenduarekin eta taldearekin bat; hor da harremana edo lotura. Eta horren asmoa da bakoitzak dakarrenarekin konektatu ahal izatea, bizi duenarekin.

Eta bioenergetikak?

Espazio horietan, gehienbat, gure giharretan eta gorputzaren hainbat egituratan egon daitezkeen blokeoak –gure bizi historiagatik eta bizipenengatik– desblokeatzea eta askatzea bilatuko dugu, askotariko ariketak eginda, banaka eta taldeka.

Dena den, diozu horrelako espazioek kontsumotik harago joan beharko luketela.

Sarritan joaten gara horrelako espazioetara kontsumitzera. Ni ere joan izan naiz, halako aukera batek zerbait zehatza emango didalakoan. Baina besteek emango didatenaren esperoan egon ordez, gure nahia da osasunaren burujabetza lantzea, erretirotik etxera tresna batzuekin joatea. Noski, egon daitezke bizitzan behar diren espazio batzuk, ez dagoelako jakintzarik-edo, baina, behin erremintak jasotakoan, ideia da norberak horiek egunerokotasunean txertatzea. Alegia, ez egotea etengabe horrelako espazioak kontsumitzen, ardura kanpoan jartzea bilakatu baitaiteke. Ez dadila bihurtu ongizatearen kontsumo.

Gaur egun, garrantzitsuak al dira tresna horiek?

Bai. Erretiroak presentzia batzen du. Hemen eta orain. Gure bizitzetan ez gaudelako hemen eta orain. Baina ez guk nahi ez dugulako. Gorputzak nahi duen dena hori da, baina etengabe gaude beste espazio batzuetan, pasatutakoarekin arduratuta edo pasatuko denarekin. Izan ere, pandemiak mahai gainean jarri du osasun mentalaren egoera, baina lehenagotik zegoen hau guztia mahai gaineratuta. Jendeak deskantsua, lasaitasuna eta ondo pasatzea behar du, plazeretik. Gorputzaren konexioa ez dadila izan soilik gaixorik gaudenean, mina dugunean edo ezinegona, baizik eta beste modu batzuk topatzea.

Espazio segurua izan dadin saiakera ere egingo duzue, ezta?

Tira, guk uste dugu horrelako gauzetara datorren jendea ja badatorrela pentsamendu horrekin. Zer da espazio seguru bat, ezta? Bakoitza eroso sentitzea eta aukera edukitzea norbera izateko espazio horretan, itxurarik egin barik.

Laskurain baserriak, gainera, espazioa goxoa izan dadin ere lagunduko du, ezta?

Lekua oso goxoa da. Areto handi bat du eta aukera ematen du mugimendurako eta gauza ezberdinak egiteko. Lasaitasuna dago. Isiltasuna dago. Eta, gainera, ez dugu uste taldea bera oso handia izango denik.

Hiru eguneko erretiroa antolatu dute

Ana Vallesek, Eider Zuriarrainek eta Itziar Perezek osatzen dute Gorputza Da Bidea elkartea. Otsailaren 3tik 5era bitartean egingo dute erretiroa eta Zuriarrain eta Perez izango dira gidari. Hamar pertsonarentzako lekua dute, eta domekan amaituko da izen-ematea. Horretarako, harremana@gorputzadabidea.eus helbidea jarri dute interesa duenaren eskura.

Egubakoitza, otsailak 3.

  • Ongietorria.
  • Espazioa eta elkar ezagutzea.
  • Mugimendua gorputzean.
  • Afaria.
  • Lo aurretiko yoga.

Zapatua, otsailak 4.

  • Yoga.
  • Gosaria.
  • Hitza partekatzea.
  • Bioenergetika.
  • Biodantza.
  • Bazkaria eta deskantsua.
  • Gorputza erdigunean.
  • Bioenergetika.
  • Afalostean: ahotsak soltatzen.

Domeka, otsailak 5.

  • Yoga.
  • Gosaria.
  • Hitza partekatzea.
  • Bioenergetika.
  • Biodantzaren ospakizuna.
  • Bazkaria eta agurra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak