125. urtemugan, Olaldek ospakizun urtea du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 13a, 13:00

Antzuolako Udal Pilotalekua, 2023ko urtarrilean. Kanpoan, frontoi txikia.

Aldaketak bizi izan arren, aurten beteko ditu Antzuolako udal pilotalekuak 125 urte; hori aitzakiatzat hartuta, lehen mailako gizonezko profesionalen eta Emakumeen San Isidro txapelketa antolatuko ditu Olalde pilota elkarteak. Obrak ere egingo dituzte.

1898ko abuztuaren 28an inauguratu zuten Antzuolako Udal Pilotalekua. Lau pilotari ekarri zituzten orduko hartan esku-pilotan egiteko, azkoitiarrak: Tomualdo Larrañaga, Jose Maria Urzelai, Francisco Elorza eta Francisco Arambarri. Herritarrek ordaindu zituzten, eta apaizari meza emateko ere eskatu zioten. Musikariak ekartzea ere erabaki zuten, eta, hala, Benigno Altube eta Seber Altube dultzaineroak aritu ziren giroa musika doinuez alaitzen.

Frontoia, 1955-1960 urteen artean. 1961ean estali zuten. Udal artxibo historikoa.

Ordu geroztik, aldatu egin dira ospakizun erak, baina ez, ordea, urtemugak ospatzeko ohitura. 125 urte beteko ditu aurten frontoiak, eta zer ospatua ere badu Olalde pilota elkarteak.

Bertako lehendakaria da Andoni Balerdi, eta aurtengo asmoen berri eman du. Nabarmendu duenez, lehen mailako gizonezko profesionalen partidu bat antolatu nahi dute irailerako, baina garrantzia eman nahi diete emakumezko pilotariei ere, eurendako plazak sortuz. Hala, pandemiak bertan behera utzitako ekimen bat berreskuratuko dute, adibidez. "Emakumeen San Isidro txapelketaren bigarren edizioa egingo dugu, lehena izurritearen aurretik egin baikenuen; Olaldek berak antolatuko du".

Maiatzaren 13an izango da hori, baina, Balerdik aurreratu duenez, lehenago, otsailaren 5ean, Ados Pilota emakume pilotarien elkarteak antolatutako andrazko pilotari profesionalen partidu bat ere izango da.

Ohikoak diren ekintzak

Gainontzean, ordea, elkarteak ez du ekintza berezi gehiagorik antolatuko, baina lehendakariak gaineratu du ohikoak direnei eusteko asmoa dutela.

Batetik, atzealdeko hormako txapelketa herrikoia egingo dute maiatzaren 6an, aurreko urtean izandako arrakastaren ondoren, eta herriko jaien bueltako pilota jaialdiak ere ez du hutsik egingo. Uztailaren 8an izango da, larunbata, festak hasi baino bost egun lehenago, eta Balerdik azaldu du afizionatuen arteko partidak izango direla. "Horiek dira pentsatuta ditugun ekintzak urteurrenari zentzu pixka bat emateko".

Obrak egingo dituzte

Ekintza bereziez gain, baina, obrak ere egingo dituzte pilotalekuan. 2023ko udal aurrekontuetan onartuko dira ofizialki, hilaren 17an, martitzena, eta adostuta dituzte udalarekin egin beharrekoak.

Hala, Balerdik azaldu duenez, frontoia pintatzea da asmoetako bat, baita barneko argiteria aldatzea ere: "Komeni da, egungo argiteria nahiko eskas gelditzen baita batzuetan". Horrez gainera, frontoiko gune batzuetarako sarbidea egokitu egingo dute, eta komunetarako arrapala bat egin, komunak txukuntzearekin batera. "Era horretan, berritu polita emango dio Udalak frontoiari".

Kanpoko frontoi txikia estali egin nahi dute, eta, proiektua luzatu egin den arren, "geroago bada ere, egiteko asmoa dago".

Eguneroko jarduna

Bitartean, eguneroko jardunarekin jarraituko dute. Elkarteak egunerokoan martxan du pilota eskola; 37 haur dabiltza infantiletaraino eta bost pilotari federatuta daude.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak