Beñardo Kortabarria: "Antzuolako baliabideekin sortu nahi dugu gure energia"

Maider Arregi 2022ko abe. 6a, 09:00

2019-2023ko agintaldia bukatzear du Beñardo Kortabarriak. Ezohiko egoerei aurre egitea lortuta, balorazio positiboa egin du. Ez da 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztuko eta Elhuyarreko Teknopolis saiora itzuliko da kazetari-lanetara.

Agintaldiaren zein balorazio egiten duzu?

Lan txukuna egin dugula iruditzen zait; gainera, kontuan hartu behar da pandemian zein baldintza izan ditugun. Izan ere, egoera horrek behartu gintuen Udalaren eguneroko martxan gure zerbitzuetan aldaketa asko egitera. Bestetik, Gobernu Taldean elkar laguntzeko eta elkartzeko –ez fisikoki– dinamika izan dugu. Baina ez da berdina fisikoki talde giroan sortzen den talde-lanaren emaitza. Hori dena kontuan izanda, agintaldi txukuna egin dugula uste dugu, eta ekonomikoki osasuntsu dago Udala. Geldirik zeudenean herriko elkarteekin lanean ere egon gara eta berriro guztiak daude martxan; hori da garrantzitsua. Bestelako eragileekin eta enpresekin ere lortu ditugu akordioak; garbi esanda, akordio horiei esker iritsi da dirua Udalera zenbait gauza azkarrago egin ahal izateko.

Helburuak beteta, beraz.

Bai; gure programa eskuetan hartuta, gure esku ez dauden bi gauza soilik geratu dira egin gabe: bide berdea Urretxuraino luzatzea eta Basaldeko oinezko bidea egitea. Basalderako pasabidea, ordea, Ura Agentziarekin berba egin eta saiatuko gara egiten. Bestetik, Bergararainoko bidegorri zatia egitea ere falta da, baina ur-kolektorearekin dago lotuta. Azken zatiaren proiektua idatzita dago, eta Aldundiaren eta Urak Agentziaren arteko hitzarmena prest dago sinatzeko. Hori horrela, baliteke datorren urtean egitea. Jauregiko tunela erori zela, berriz, 3 urte beteko dira abenduaren 13an eta lanak ez dituzte hasi.

Zein proiektu egin dira?

Esanguratsuenen artean, azpimarratu behar da HAPO martxan dagoela, eta orain, herritarrekin batzeko fasea etorriko da, nolako Antzuola gura den erabakitzeko. Bestetik, jolasguneak, Olarango obra, eskola zaharreko teilatua, rokodromoa, gazte txokoa, egurrezko arrapala, Eztalako argiteria, gaztetxea martxan jartzea sustatzea, inklusioaren aldeko elkarlana erretiratuekin... eta beste ere egin dira agintaldian.

Oposizioarekin zelako harremana izan duzu?

Harremana zuzena izan da, baina oposizio-lana egin daiteke ekarpenak eginda edo ez. Kasu honetan, pertsona bakarrak parte hartu du. Kanpoko jendearekin osatutako zerrendak, parakaidisten eredua, edozein herrirendako desastre hutsa dira. Herriarendako ekarpenik egin gabe eta kritika hutsalak eginez.

Energia berriztagarrien aldeko apustua egin duzue.

Antzuola 2018-2030 Plan Estrategikoan, energia berriztagarrien aldeko hautua egin genuen, orain dagoen olatuari aurreratuta. Hala, iaz, plaka fotovoltaikoak jarri genituen pilotalekuko eta eskolako teilatuetan. Urtebeteren ostean, zorionez, Iberdrolak egin du konexioa eta martxan dago instalazioa. Ildo beretik, kaleko argiteria osoa aldatuko dugu, eta LEDa jarri. Argi izan dugu herriak dituen baliabideak aprobetxatu behar ditugula. Hala, urratsak egin ditugu eta energia komunitatea sortu da. Nabarmendu behar da uraren inguruko azterketa egin dugula eta ondorio nagusia dela Antzuolak kalitatezko nahikoa ur duela iturburuan beharrak asetzeko. Egun, Urkulutik erosten da, eta, egitate horretatik abiatuta, aztertu beharko da noraino iritsi gaitezkeen guk geuk kudeatzeko dugun ur horrekin. Bestetik, autoaren gehiegizko erabilera murrizteko asmoa ere badugu; baita hondakinak gutxiago sortzeko eta hobeto kudeatzeko ere. Helburua energia kontsumoa zein hondakinena murriztea da.

Zein iritzi duzu Trekutzeko parke eolikoaz?

Jaurlaritzak ez dauka eremuaren azterketarik eta plan-sektorialik eginda; enpresa pribatu kapita- listak horrela etorri izana ez da onargarria. Hala, enpresaren proposamena da bi dorre erraldoi jartzea. Lan horiek egiteko mendia suntsituko dute eta porlanez josi. Horrek ze onura da kar? Aurreproiektua bidaliko digute eta alegazioak idatziko ditugu; bien bitartean, Jaurlaritzari bidali diogu ingurumen ikuspegitik proiektu batek zer hartu beharko lukeen kontuan.

2023ko aurrekontua nolakoa izango da?

Egoera ziurgabea da. Hauteskundeak datoz, eta talde berri bat. Horregatik, datorrenari kreditu globala nahiko betea utziko diogu, ziurgabetasun horri libre aurre egin diezaion. Gerakinean 1.200.000 euro inguru geratuko dira –600.000, Errekalderako–. Inbertsioen artean, HAPOri garrantzia emango diogu, herritarrek parte har dezaten; eskolako sukaldearen proiektua sustatuko dugu; eguneko zentroari bultzada emango diogu; pilotalekuak 125 urte beteko ditu, eta aldagelak berrituko ditugu –txapelketako partiduak ekartzea da asmoa–; eta euskararen erabilera bultzatzeko aparteko diru partida egongo da, sustapen ekintzetarako, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak